Haur eskola zerbitzua kontratatzeko espedienteari onespena eman zion Usurbilgo azkeneko Osoko Bilkurak. EH Bilduk eta PSE-EEk alde bozkatu zuten eta EAJ abstenitu egin zen.

Aurreko lizitazioa 2021ean esleitu zen, hiru urterako, eta aurtengo irailaren 1ean amaitzen zen. Beharrezkoa zen, beraz, lizitazio berria martxan jartzea.

Lizitazioa

Lizitazio berria egiteko beste arrazoi nagusi bat ere egon da, Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak osoko bilkuran azaldu zuenez: Eusko Jaurlaritzak iazko ikasturtean bere menpeko Haurreskolak Partzuergoan biltzen diren haur eskoletan doakotasun unibertsala ezarri izana, udal titularitatekoak diren haur eskolak erabaki horretatik kanpo utziz. “Horren aurrean, eta artean ziurgabetasun handia zegoela, testuinguru berri horretara egokitu eta Udalak gurasoen kuotaren zati handi bat hartzea erabaki genuen, baina ohartarazi genuen beharrezkoa zela gogoeta bat zabaltzea, erabaki-tzeko nolako haur eskola nahi dugun, nola kudeatua izan dadin nahi dugun, eta abar”, aipatu zuen.

Partzuergoa

Solaberrietaren esanetan, horretan aritu dira irailaz geroztik, eta lanketa horren emaitzaren isla dira ezohiko bilkuran onartutako lizitaziorako pleguak zein erabiltzaileen eskubide eta betebeharren ordenantza ere.

Bestalde, Udaleko eta haur eskolako zenbait ordezkarik lantalde bat osatu dute, eta hasiak dira lanean, eraikinaren barruko zein kanpoko eraberritzearen inguruan aritzeko. Eraikina barrutik berritzeko 300.000 eurora bitarte jartzeko borondatea du Udalak, eta eraikinari IT azterketa ere egingo diote, kanpo elementuak nola dauden aztertzeko. Obrak 0-1 etapatik hasteko konpromisoa azaldu dute.

EAJ/PNV

Usurbilgo EAJ/PNVk ohar bat kaleratu du non haurtzaindegi zerbitzua Haurtzaindegien Par-tzuergoan sartzeko eta herriko hezkuntza zerbitzu guztiak Udarregi ikastolaren inguruan batzeko proposamena aurkezten duen. Azaldu dutenez, ekimen honen helburua Usurbilgo haur guztientzat kalitatezko hezkuntza irisgarria eskain-tzea da.

“Haurtzaindegien Partzuergoak, Eusko Jaurlaritzak finantzatutako doako zerbitzuak, haurrentzako kalitatezko hezkuntza goiztiarra bermatzen du”, ziurtatu dute. Alde horretatik, EAJk funtsezkotzat jo-tzen du Partzuergoari atxikitzea haurtzaindegi zerbitzuaren doakotasunari eusteko eta epe luzerako finantzaketa ziurtatzeko.

Honen harira, Usurbilgo Udalak gaur egun 200.000 euro bideratzen dituela 2023-2024 ikasturtean zerbitzuaren doakotasunari eusteko gogorazi du. Hala ere, datorren urterako, gurasoek 40 eta 60 euro arteko hileko kuotari aurre egin beharko diote zerbitzuaren finantzaketa bermatzeko.

“Gainera, hezkuntza zerbitzuak kokatuta dauden egungo eraikina zaharkituta dago eta ez ditu eskatutako kalitate estandarrak betetzen”, gaineratu dute. Jeltzaleek hezkun-tza zerbitzu guztiak esparru berean kokatu nahi dituzte.