Orain dela 40 urte Okendo Zinema Taldea (OZT) Lasarte-Orian sortu zela. Helburu nagusia herritarrei kalitatezko zinema eskaintzea zen, batez ere zinema komertzialen sarean oihartzun gutxiagoa duen filmak. Izena Okendo plazatik, herriko bihotzetik, datorkio, udaran aire zabalean egiten zituen emanaldiengatik.

Zinekluba

Epe batean ekimen eta ekitaldi gutxiago antolatu ostean, belaunaldi berri batek duela urte batzuk bere espiritua berreskuratu eta indartu egin du. Udako zinema eta ikasturte guztian zehar zinekluba proiekzioak eskaintzen ditu hamabostero. Gainera, hilabete honetan Euskal Dokumentalen Zikloa prestatu du.

Mikel Yarza, OZTko kideak azaldu duenez, pandemia garaian hasi ziren ekimen berri honekin: “Garai horietan herritik ezin ginen atera eta oso ekitaldi gutxi zeuden eta zikloak oso harrera ona eduki zuen”.

Udaberriaren iristearekin batera urteroko zita bilakatu da ziklo hau “urteak eman duena ikusteko”. “Saiatzen gara zuzendariak Lasarte-Oriara ekartzen proiekzioaren ondoren beraiekin solasalditxo bat edukitzeko”, gaineratu du Yarzak.

Ziklo honetan batik bat “zer esan eman duten lanak” aukeratzen dituzte. “Plataforma handietara salto egin ez dutenak, baina interesgarriak izan daitezkeenei tarte bat egiten saiatzen gara eta ere guretzat garrantzitsua da lan horietako profesionalak gurera ekartzea”, aipatu du Yarzak.

“Plataforma handietara salto egin ez dutenak, baina interesgarriak izan daitezkeenei tarte bat egiten saiatzen gara"

Euskal dokumentalen esparrua emankorra” dela esan du zinema zaleak, baina aurten gehiago kostatu zaie aukeraketa egiten hainbat lan beraien ziklo promozionalean jadanik badaudelako streaming bidezko plataformetan edo, kontrakoagatik, oraindik ez daudelako ikusgai.

Hamabostero egiten dituzten proiekzioei dagokienez, euskal filmez gain atzerriko lanak ere eskaintzen dituzte. Egun horietan, nahiz eta pelikulako zuzendariak aretoan ez egon, solasaldia ere egiten da. Autorezko zinemari tarte bat ematen saiatzen dira: “Hollywoodeko kodeak erabiltzen ez dituzten pelikulen artean kriba interesgarri bat egiten saiatzen gara”.

Donostiako zinemaldia

“Guretzat Donostiako Zinemaldia izaten da urteko termometroa zenbat lan mordo dagoen neurtzen duelako eta urtean zehar beste Europako zinemaldietan zer aurkezten den ere jarraitzen dugu”, azaldu du.

Egiten duten lan txukunari esker, ikuslego fidel bat lortu dute. Hala ere, beti hobetzeko prest daude. Honenbestez, proiekzioen egunak eta orduak taldekideen prestasuna eta publikoaren nahietara egokitzen saiatzen dira. “Beti izaten ditugu zalantzak, hasiera batean proiekzioak ostegunetan egiten genituen, gero ostiraletara gaueko 22.00etara pasa genituen eta orain ostiraletan 20.00etan egiten ditugu jendeak planak lehenago egiten dituela somatuta”, adierazi du.

Batzuetan aretoa jendez lepo egoten da, baina jende gutxi joaten denean hausnarketa bat egiten dute. “Baina justu denboraldi honetan ikusi dugu badagoela nukleo bat hamabostero ostiraletan etortzen dena eta pozgarria da”, baieztatu du Yarzak.

"Nukleo bat hamabostero ostiraletan etortzen dena eta pozgarria da”

Ekimen berriak ere martxan jar-tzen dituzte: “Badira bi urte Lasarte-Oriako institutuarekin lankidetzan hasi ginela. Urte amaieran, abenduan, DBH amaierako eta Batxilerreko ikasleei aukera ematen diegu guk aukeratutako pelikula bat kultur etxean ikusteko horren inguruan jardun dezaten”.

Gazteei hurbilduz, OZTren filosofia egonkortu nahi dute: Zinema zaletasuna eta zinemarekiko kultura Lasarte-Orian zabaltzea; herritarren artean ohitura bat sortzea an-tzokira joateko eta pantaila handian modu kolektiboan proiekzioa esperimentatzeko.

“Gaur egun streaming plataformak ditugu, dena inoiz baino eskurago daukagu, baina aretora joan eta proiekzioa amaitzerakoan denen artean komentatzea aberasgarria da”, ziurtatu du Yarzak.

Gaur egun zortzi lagunek osatzen dute Okendo Zinema Taldea. “Esan dezakegu azkeneko belaunaldi hau zinematografikoena eta profesionalena dela. Bakoitzak dugu gure lana, baina zinearekin lotura daukaten pertsonak daude: Xanti Salvador soinu ingenieria da eta Euskal Herriko dozenaka pelikulen soinua egin du eta badu Goya bat (La trinchera infinita); Ane Arteaga arte departamentuetan ibiltzen da pelikuletan, Moriartirekin askotan; Asier Altuna kazetaria da; Inge Mendioroz muntaketan ibiltzen da...”.

Etorkizun hurbilera begirako asmoak oraingo dinamikei eustea, publikoa trinkotzea sortu den interes hori egonkortuz eta jende gehiagori zabaltzea dira, jakin dezaten herrian badagoela eskaintza bat.