Aiztondoko bailarako zenbait udalerri, liztor beltzaren aurka Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarritako tranpatze kanpainaren barruan lanean ari dira. Izan ere, erlezainek gaian esku hartzeko eskatu zieten bailarako udalerriei. Liztor beltzaren presentzia handia ikusita eta, hori dela eta, Amasa-Villabonako, Zizurkilgo eta Asteasuko udalek sei astez kanpaina hau gauzatzeko lana eman diote Balerdipeko Erleak elkarteari.

Tranpen eraginkortasuna

Lanen erdiak eginda, balorazio positiboa egin dute elkarteko erlezainek. “Urte batzuetako jarraipena egin ondoren ikusiko da zenbateko eraginkortasuna duten tranpa hauek. Egia da Bergaran, adibidez, lan hau egina dutela eta liztorren habia gutxiago sumatzen dituztela”, adierazi dute. 

Liztor beltza espezie inbaditzailea da eta 2004an agertu zen lehen aldiz bailarako inguruetan. Udazkenean hibernatzen dute eta udaberrian egiten dituzte habiak liztor berriak ateratzeko. Gero, uda aldera, bigarren mailako habiak egin eta bertan indartzen eta handitzen da liztorren populazioa. Balerdipeko Erleak-eko Mattin Jauregiren hitzetan hazkunde azkarra du liztor beltzak eta 200 aldiz erreproduzitu daiteke. “Garrantzitsua da tranpatzeak habia primario horiek jartzen dituzten garaian egitea”, dio.

Tokiko dibertsitateari kalte egiten dion espeziea da liztor beltza. Erle asko hiltzen ditu. Adituen esanetan, liztor batek egunean hiru erle akabatu ditzake eta, hori dela eta, kanpaina honetan lanean ari dira jada elkarteko kideak. Aurreko urteetan habiak azaldu diren tokietan eta inguruetan jarri dituzte tranpak. Zizurkilen 34, Amasan eta Villabonan 18 eta Asteasun 8, hain zuzen.