Abaltzisketako Udalak 471.553,87 euroko aurrekontua izango du aurten; iazkoa baino 34.000 euro inguru handiagoa. Jon Zubizarreta alkateak esan duenez, Udalak ez du “inbertsio handirik” aurreikusten epe laburrean, eta, horrez gain, urteroko lanei eutsiko diete, besteak beste, herri bideak konpontzea. Aipatutako kopuru horretatik inbertsioak egiteko 97.137,28 euro bideratu ditu udalak. Horrez gain, Zubizarretak aipatu du herri bideak egokitzeko eta mantentzeko diru laguntza eskatuko dutela Foru Aldundiko deialdian. “Urtero egiten dugun eskaera bat da; kostuen ehuneko handi bat finantzatzen dugu laguntza horiekin”, azaldu du alkateak.

Orain arte aipatutako lanez gain, dagoeneko eraitsi dute Azpiko etxea; orain proiektua egingo dute eta, horretarako, urtebete beharko dutela ere azaldu du Udaleko ordezkariak. Bitarte horretan eremua aparkaleku bezala erabiltzea eskatu omen dute herritarrek, eta Zubizarretak azaldu du oraindik ez dutela erabaki, baina horretarako izan litekeela urtebetean. Legealdiko egitekoen inguruan, atzera aipatu du eginda dutela mendiko ordenazio plana, eta amaitzen ari direla ingurumen eragina kalkulatzen. Bide beretik, gogora ekarri du legealdiko erronka nagusietako bat dela gazteak herrian geratzea.

Gainera, datorren urterako 1.100 biztanletik beherako herrien finantzaketa indartzeko akordioa sinatu dute Eudelek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Neurriaren inguruan pozik azaldu da Abaltzisketako Udaleko ordezkaria.