Tolosako Udalean Pasa den astean ospatu zen martxoko osoko bilkura, eta, ordezkariek bertan onartutakoaren arabera, “Tolosako Udalak izaera formala emango dio Hezkuntza Mahaiari, Hezkuntza Kontseilua eratuta”. Tolosako Udaleko ordezkariek azaldu dutenez, “hezkuntza-kontseiluak sortzeko aukera ematen die EAEko Hezkuntza Legeak toki-erakundeei, eta urrats hori emango duen lehenetakoa izango da Tolosa”.
Udalbatzak hasierako onarpena eman zion osoko bilkuran EH Bilduko, EAJ/PNVko eta PSEko ordezkarien adostasunarekin, organo aholku-emaile honen jarduna arautzen duen erregelamenduari. Tolosan Hezkuntzaren arloan ari diren eragile eta erakunde publiko nahiz pribatuak batuko ditu kontseiluak, baita familia edo guraso talde eta hezkuntza ez-arautuko taldeak ere, besteak beste.
Bilkuran onartutakoaren arabera, urtean gutxienez bi bilkura ireki egingo ditu kontseilu honek, nahiz eta maiztasun handiagoarekin bilduko den batzorde iraunkorra ere izango duen. Azken honetan udal talde guztietako, oinarrizko hezkuntzako ikastetxeetako eta Udaleko Euskara eta Hezkuntza Saileko ordezkariek hartuko dute parte. Udal ordezkarien hitzetan, “hezkuntza arloan lankidetza sustatzea izango da kontseiluaren helburu nagusia, ikastetxeen eta gizarte-ingurunearen arteko elkarreragina areagotzeko”. Horretarako, hezkuntza-proiektu komunitarioak bultzatu, baliabide publikoen erabileran sinergiak sortu eta ikasleen ongizatera eta garapenera bideratutako ekintzak gauzatuko dira kontseiluan.
Hezkuntza Kontseiluaren eraketa aho batez onartzeaz gain, diru laguntzen plan estrategikoaren hainbat aldaketa ere onartu zituzten hiru alderdietako ordezkariek. Izan ere, 2023-2025 bitarteko diru laguntzen Plan Estrategikoan diru laguntza berriak gehituko dira. Alde batetik, Kluben egitura eta ohiko jardueren lerroan, ezohiko kirol instalazioen erabileragatik 50.000€ euroko lehia bidezko diru laguntza gehituko da. Alpino Uzturre elkarteak sortu dituen mendi lasterketa eta ipar eski taldeetarako beste 5.000 euroko laguntza izenduna jasoko du. Horrez gain, Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailetik adierazi dutenez, alor honetan, “premiazko laguntza humanitariorako laguntzen lerroa sortu du udalak, bere ekarpena bideratu ahal izateko”. Aurreikusi gabeko gertaera natural, istripu edo gatazken ondorioz sortutako premia larriei erantzuteko eta oinarrizko laguntza humanitarioa bideratzeko izango da diru laguntza hau, herriko elkarte eta herritar taldeen bidelagun izanda. Hasiera batean 4.500€ txertatu dira, eta kasuan kasu aztertuko da egoera bakoitzari dagokion kopurua.
Pasa den asteko osoko bilkuran landutako beste gai nagusietako bat kirol instalakuntzen kudeaketarena izan zen, eta, udalbatzako ordezkariek gehiengo osoz onartu zuten “kirol instalazioen kontratua deusezteko espedientea iraungitzat ematea”, EH Bilduko gobernuko ordezkarien esanetan “Auzitegi Gorenak eman berri duen lege interpretazio batek zuzenean eragiten” diolako. “Izan ere, kontratuen deuseztapenerako espedienteak ebazteko epeari dagokionez, Sektore Publikoko Kontratuen Legeak bere 212.8 artikuluan espedientea ebatzi eta jakinarazteko zortzi hilabeteko epea ezartzen du. Konstituzio Auzitegiak ukatu egin zuen 2021ean emandako epaian xedapen horren oinarrizko izaera, eta adierazi zuen autonomia-erkidegoek arautu behar zutela epe hori.
Eusko Legebiltzarrak ez du gai hori arautu eta, beraz, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak, beste kontsulta-organo eta auzitegi batzuek bezala, ulertu izan dute, berezko autonomia-legeriarik ezean, Estatuko Legea eta zortzi hilabeteko epea aplikatzen zirela. Auzitegi Gorenak, ordea, talka honen interpretazioa egiten duen STS 422/2024 sententzia argitaratu du martxoaren hasieran, otsaileko osoko bilkuran espedientea Aholku Batzorde Juridikora bidaltzea aho batez onartu eta astebetera, hain justu. Honen arabera, autonomia erkidegoek lege propiorik izan ezean, iraungitze-epea hiru hilabetekoa dela argitu du. Hori ikusita, eta aurrera begira babes juridikoa izateko, espedientea iraungitzat jo du udalbatzak”, azaldu zuten bilkuran Udal gobernuko ordezkariek.