Dating Amber filma proiektatuko da asteartean, Lazkaoko Maizpideko zineman. Bertsio originala eskainiko da, hau da, pelikula ingelesez izango da, baina euskarazko azpitituluekin.

Filmak homosexualitatearen gaia jorratzen du eta Irlandan kokatzen da, 90eko hamarkadan. Maizpidek azaldutako sinopsiaren arabera: “Eddiek eta Amberrek harreman bat antzeztuko dute mundu guztiak bere sexualitateari buruz espekulatzeari uzteko. Eddiek bere aitaren bidea jarraitu nahi du armadan, eta Amberrek, berriz, Londreseko zentro kosmopolitara joateko ametsa du. Planak sendoa dirudi, baina beren adostasuna hausten hasten den heinean, Eddieren ukapena sakonagoa egiten da, eta Amber konturatzen da esku hartzen ez badu, bere lagun onenak etorkizun arriskutsua izan dezakeela”.

Emanaldiaz edonork disfrutatu dezake, ez Maizpideko ikasleek bakarrik. Sarrera doan da. Saioa 20.45ean hasiko da eta 92 minutuko iraupena izango du.

Bi film gehiago

Dating Amber filma ez ezik, Maizpideko zinemak beste bi pelikula ere eskainiko ditu. Apirilaren 24an, Flee filmaren txanda izango da. Azken urteetako dokumental sarituenetako bat da. Amin errefuxiatu afganiarraren istorioa kontatzen du. Proiekzioa 21.00etan hasiko da.

Azken filma For Sama izango da, maiatzaren 8an eskainiko dena, gaueko 21.00etan.