Aurten ere, egitasmoaren antolatzaileek azaldu dutenez, martxan da Oporrak Bakean programa, hogeita bigarrenez, Tolosaldeako eskualdean. Haur sahararrak uda pasatzera etorriko dira eskualdeko familietara, ekaina amaieratik abuztu amaierara, Tolosaldea Sahararekin elkarteko teknikaria den Elixabet Eizagirrek dioenez. Azken urteetan egitasmoa aurrera ateratzea erraza ez dela izan azaldu du teknikariak. “Programa agente desberdinak ditu eta horietako bat da Espainiako Estatua. Berak eman behar du haur sahararrak espainiar Estatuan sartzeko baimena, baita bisak atera ahal izateko baimena ere”, baieztatu du. Azken urteetan, ordea, tramite hori oso berandu egin dutela dio, “eta horregatik, haurrak berandu etorri dira. Iaz, adibidez, haurrak uztailaren 10 eta 15ean etorri ziren, beraz, data oraindik ezin dugu zehaztu”.

Iaz bezala, aurten ere 15 haurrek Tolosaldean bizitokia izatea da erronka, eta horretarako zortzi familia behar dituzte antolakuntza taldeko kideek, eta diotenez, dagoeneko zazpi familiek eman dute izena. “Aurreko edizioetan kopuru hori gainditu dugulako jarri dugu erronka hori, beraz, ez da helburu bete ezina baina bai zaila”, dio Eizagirrek. Programan parte hartu nahi duten familiek apirilak 15era arte izango dute azken eguna, eta tolosaldeasahararekin@gmail.com helbidera idatzita edo 696 014 786 zenbakira deituta informazio gehiago eskatu dezakete. Tolosaldea Sahararekin elkartea arduratuko da aurten, bigarren aldiz, guztia koordinatzeaz, Tolosako Udalak beraien esku utzi baitu beste urte batez ardura hori. “Familiek elkartearen babesa izango dute uneoro; egunean eguneko arazoetan edota egokitu behar diren gaietan egongo gara elkarteko partaideak”. Horretarako, elkarteak urtean zehar antolatzen dituen ekintzetan parte hartzea garrantzitsua dela nabarmendu nahi izan du Eizagirre teknikariak, “horrela, beste elkarteko kide zein familiak elkar ezagutu, Oporrak Bakean taldetxoa sortu eta udara hobeto pasa-tzen laguntzen duelako”.

Prozesua polita baina zaila ere badela nabarmendu nahi izan dute Oporrak Bakean programako ordezkariek. “Haurrak basamortutik datoz, eta beste errealitate batekin egiten dute topo, euren gurasoetatik urrun, 4.000 kilometroetara”. Horrez gain, nekatuak iristen dira eta uneoro informazio berria ari dira jasotzen. Horregatik, haurrek bi edota hiru eguneko adaptazioa behar dutela esan du teknikariak, “guztia asimilatzeko, haur bat baino besterik ez da”.

Ondoren, familiara egokitu behar dira, baina baita familia haiei ere. “Haurrak jakin egin behar du familia baten etxean dagoela, eta familiak ezezagun bati ari zaizkio ateak zabaltzen. Etxe horretan ohitura batzuk izango dituzte, baita arau batzuk ere, eta kanpotik datorren haur horrek arau horiek ikasi beharko ditu, baina modu batera edo bestera familia ere flexiblea izan behar da egoerara egokitzeko”. Hala eta guztiz ere, denbora azkar igarotzen dela dio teknikariak eta momentu gogorrena agurra izaten dela nabarmendu du.