Oiartzungo Udalak herriko eragileek aurten antolatuko dituzten kultur ekintzetarako 96.000 euro banatuko ditu. Guztira 34 ekintza diruz lagunduko dira, aurkeztutako proposamen guztiak aintzat hartu ondoren.

Gogorazi dutenez, 2024an Oiartzunen kultur ekitaldiak antolatu nahi dituzten eragileen ekintzak diruz laguntzeko eskaerak aurkezteko epea ireki zuen Udalak urtarrilean. Horren barruan sartzen dira urtean zehar antolatzen diren kontzertuak, erakusketak, antzezlanak, jaialdiak, hitzaldiak eta beste hamarnaka ekimen.

2023an 43.250 euro banatu zituen, baina orduan aurkeztutako proposamen guztiak aurrera eramateko aurrekontua 75.000 eurokoa izan behar zukeen. Hortaz, %73 handitu zen urte honetarako aurreikusitako diru-partida, ekintza denak diruz laguntzeko aukera izateko.

Epea igarota, 34 ekintza proposamen aurkeztu ziren, eta horiek guztiak aurrera eraman ahal izateko 96.713 euroko dirulaguntza eskaera egin zen. Horregatik, proposamen denak aintzat hartu eta aurrera eraman ahal izateko, hasieran aurreikusitako diru kopurua 21.713 euroan indartzea erabaki du Udalak. 96.713 euro banatuko ditu, beraz.

Inoiz baino proposamen gehiago jaso direlako “pozik” azaldu da Garazi Urdampilleta alkateordea, Oiartzun herri “bizia eta sortzailea” den seinale. Adierazi duenez, kultur eragileek egin dituzten proposamen “guztiek ematen diote bizia Oiartzuni”. “Euskaratik eta feminismotik egindako proposamenak izan dira asko eta asko. Oiartzunen balio hauek dituen kultura eskaintza sustatu nahi dugu”, esan du.