Hiru sorkuntza lan garatuko dituzte Hernaniko sortzaileek Udaleko Kultura sailaren arte sorkuntzarako bekei esker. Hernaniko Udalak arte sorkuntzako beka deialdia urtero egiten du Hernaniko artistei sorkuntza prozesuetan laguntzeko asmoz.

Konkretuki, edizio honetan, Uxue eta Miren Bereziartuak Gure herriko señorak izeneko proiektua garatuko dute. Ilustrazioa, argazkia, soinu-diseinua, bideo animazioa eta testua nahastuko ditu proiektu honek. Adineko emakumeen ikusgarritasuna landuko du eta lanaren emaitza erakusketa eta liburuxka banatan erakutsiko dituzte Bereziartua ahizpek.

Literatura eta arte plastikoa

Erika Elizarik Mikrokontakizun ilustratuak proiektua landuko du. Literatura eta arte plastikoak uztartuko ditu sortzaileak: baldosatan Hernaniri buruzko mikro-istorioak estanpatu eta herriko zortzi auzotan jarriko ditu.

Azkenik, Hiru podcast proiektua ere egingo da. Uxue Apaolaza, Iñigo Legorburu eta Ainara Ortega idazleek Hernaniko hiru kaleri buruzko testuak idatzi ondoren, Miren Gojenolak zuzenduta, Gojenolak eta Ortegak berak eta Mikel Laskurainek hiru podcast sortuko dituzte.

Kultura sailak 15.000 euro bideratu ditu sorkuntza lan hauek lagun-tzera, aurreko edizioetan baino 5.000 euro gehiago.

Aurtengo deialdira, guztira, hamabi proiektu aurkeztu dituzte Hernaniko sortzaileek eta hiru hauek laguntzea erabaki du epaimahaiak, kalitate eta interesarengatik. .