Natura eta basoa museoaren parte dira Ur Maran eta, ardatz horri jarraituz, aurten ere Basoaren Eguna antolatu du Alkizako Udalak. Larunbat honetan ospatu zuten festa, eta hainbat ekitaldiz osaturiko egitaraua izan zen herrian 18.00etatik aurrera, joan zen ostegunean izan zen Basoen Nazioarteko Egunarekin bat egiteko. Egitarauari hasiera emateko, Aitor Intxaurraga Aranak GR-282 Artzaintza naturbidea - Senda del Pastoreo dokumentala proiektatu zuen. Bertan, bide horrek hartzen dituen 492 kilometroetan grabatutako irudiak ikus daitezke, Gipuzkoa, Araba, Bizkaia, Burgos eta Nafarroan. Emanaldiaren ondoren zuzendariarekin berarekin hitz egiteko aukera ere izan zuten bertaratu guztiek.

Ur Mara museoa

Era berean, Animaliak erakusketaren irekiera ere egin zen. Ur Mara museoaren fondoko 50 pieza inguruk osatzen dute aurtengo erakusketa, guztiak Koldobika Jauregirenak. Artistaren garai ezberdinetako lanak daude ikusgai lan honetan, zaharrena 1984koa. “Interesgarria da eboluzioa ikusi ahal delako”, azaldu zuen erakusketan Koldobika Jauregik. “Mota ezberdinetako animaliak egongo dira, zaldiak ezik. Batzuk figuratiboak, erraza da antzematen zein animalia den, eta beste batzuk abstraktoagoak dira”, gaineratu zuen Jauregik. Material ezberdinekin egindako piezak daude ikusgai. Gehienak egurrezkoak, baina baita brontze eta aluminioan, eta harrizko bat. Guztien artean, artistarentzako berezienetakoa “hasi nintzen garaiko katu bat” da, bere hitzetan, “hainbeste urteren ondoren berriro ikustea” suposatzen duenagatik. Erakusketa negutegian egongo da maiatzaren 11ra arte.

Erakusketaz gain, basora dijoan bidean ere aurkeztu zuten eskultura. Gainera, azken urteetan ohitura bihurtu den moduan, amaieran community food afaria ere egin zuten hainbat alkizarrakek, 20 eurotan. Barazki-jaleentzako menua ere izan zen bertan.

Jasangarritasunerako pausoak

Horrela, Alkizako Udaleko ordezkariek azaldu dutenez, “azken urteetan jada ohikoa” bihurtu den festa ospatu zuten herrian. Udalak, “naturaren eta jasangarritasunaren bidean” pausoak ematen jarraitzea du helburutzat, eta udal gobernuko kideen hitzetan, “horrelako festak garrantitzitsuak dira herri mailan”. Aurrerantzean ere, horrelako beste hainbat egitasmo antolatzeko asmoa ere badutela azaldu dute Udaleko kideek.