Aurtengoan ere Urretxu-Zumarraga Herri Kirol Elkarteak eta Zumarragako Udalak herri kirol jaialdi erakargarria antolatu dute datorren astelehenean ospatuko den Pazko Bigarreneko jairako. Antion izango da eta herriko kirolariak izango dira protagonista nagusiak.
Festa 16:30ean hasiko da. Ordu horretan haurrentzako jolasak eta txokolatada egingo dituzte. Ondoren, 18.00etan, udalbatzarkideek Andre Mariari ikustaldia egingo diote Antioko ermitan.
18:15ean herri kirol erakustaldia hasiko da. Aizkoran hiru bikote oso berezi arituko dira: Xabier eta Jon Zaldua aita-semeak, Jabier eta Julen Aranberri aita-semeak eta Ugarteburu-Osinalde. Joxe Ugarteburu ezkiotarra Zumarragako Osinalde baserriko Unai Etxeberria gaztearekin arituko da. Hala, hiru beterano hiru gazterekin arituko dira.
Bi harrijasotzaile ere arituko dira: Iosu Sanchez zumarragarra eta Olaia Esnaola azpeitiarra.
Pazko Bigarreneko jaia guztientzat da berezia, baina bereziki Gurrutxazpi baserriko Xabier eta Jon Zaldua aita-semeentzat. Izan ere, Gurrutxazpi Antiotik oso gertu dago. Aita-semeak iaz aritu ziren lehenengoz elkarrekin Pazko Bigarreneko jaian.
Semea 5 urterekin hasi zen eta bigarren urtea du plazetan. “Oraindik 15 urte ditu eta kolpea falta zaio. Baina urterik urtera indartsuagoa da eta gogoa du. Gainera, adi egoten da eta azalpen teknikoak ondo uler-tzen ditu”, dio aitak.
Astelehenekoa ekitaldi berezia da beraientzat. “Auzoan aritzea eta elkarrekin, gainera, oso berezia da. Niri ilusio berezia egiten dit. Elkarrekin ondo moldatzen gara, gainera, ni azaletik eta bera barrutik”.