Astelehenean Xabier Ormazabal Mendi Festa aurkeztu zuten Urretxun, Maialen Fidalgo zinegotziak eta Andoni Ormazabal antolatzaileak. Festa maiatzaren 25ean egingo dute, Gernikako Arbola plazan.

Festa 11.00etan hasiko da eta gauerdira arte luzatuko da. Aurten ekitaldi guztiak plazan egingo direla azpimarratu zuen Ormazabalek. Horretarako, pantaila bat jarriko dute.

Mendi festa

Goizeko protagonistak haurrak eta gazteak izango dira. Boulder bat jarriko dute plazan eta bertan eskalatu ahal izango dute, 11.00etatik aurrera. Tirolina ere jarriko dute, adin guztikoentzat. Gainera, tailerrak egongo dira: margotzeko, natura ezagutzeko... Duela bi urteko arrakasta ikusita, aurten ere tonbola jarriko dute.

Bazkaria elkarrekin

Eguerdian, denek elkarrekin bazkalduko dute plazan bertan. Ondoren, 18.00etan, eskalada eskolen arteko desafioa egingo dute. Eskola bakoi-tzak herrialde bat ordezkatuko du: Nafarroako Etxauri, Bizkaiko Atxarte, Arabako Kanpezu-Egino eta Gipuzkoako Araotz. Talde bakoitzean bi neska eta bi mutil arituko dira.

20.30ak baino lehenxeago, Xabier Ormazabal bekaren irabazlearen berri emango da. Bost proiektu aurkeztu dira eta bost parte-hartzaileak Gernikako Arbola plazan izango dira. Bertan jakingo dute beka irabazi duten edo ez.

Xabier Ormazabal. N.G

20.30ean emanaldiak hasiko dira. Jon Plazaola aktore urretxuarrak bakarrizketa bat egingo du eta ondoren Marc Toraller eta Bru Brusonek Anima de Corall dokumentala aurkeztuko dute eta Nico Favresse eta Sean Villanuevak Riders on the storm dokumentala.

Bukatzeko, liburu bat aurkeztuko da. Karlos Txapel Aretxabaletak Sua argitaletxearekin argitaratu duen Izarrak eta haitzak. Aretxabaletak Euskal Herriko alpinista eta eskala-tzaile onenekin hitz egin du eta solasaldiak liburuan bildu ditu.