Urretxuko Udalak %25 igo du kirol zerbitzuetara bideratutako diru partida, esleipena lor-tzen duen enpresarekin sinatuko duen kontratua sektoreko hitzarmen kolektibora egokitzeko eta Aldiri kiroldegiko langileen soldatak duinak izango direla eta lan baldintzak hobeak izango direla bermatzeko.

Urretxuko Udalak azkeneko osoko bilkuran onartu zituen herriko kirol jarduerak esleitzeko pleguak, alderdi guztien aldeko botoarekin. Orain arte BPX enpresak eskaini du zerbitzua, urteko 335.000 euroren truke.

Hitzarmen berria

Iazko abuztuan udal jabetzako kirol instalazioetako hitzarmen kolektibo berria sinatu zen, 2023-2027 eperako. Bertan, urtero KPIren araberako soldata igoera egitea eta lan orduak murriztea jaso zuten (1.592 lanordu urtean).

Lan hitzarmen berria sinatu denez, Urretxuko Udalak zerbitzua berriro esleitu beharra du. Udalak 470.000 euroko partida onartu du eta horri esker soldatak %25 igo ahal izango dira. Igoera hori pleguetan jaso dute.

Horretaz gain, herriko kirol jarduerak esleitzeko pleguetan berdintasunaren, euskararen, kalitatearen, osasunaren eta segurtasunaren aldeko apustua saritzea jaso da.

Kirol zerbitzuak eskaintzen dituen enpresarekin sinatuko duten kontratuak bi urteko iraupena izango du eta bi urte luzatu ahal izango da.