Oiartzungo Udalak aste honetan jakitera eman duenez, zabalik dago dagoeneko Altzibarko etxebizitza tasatuetan izena emateko epea. Agerrealde eta Aduriz artean egingo dituzten hamabi etxebizitza tasatuen zozketan sartu nahi dutenek apirilaren 15era arte izango dute eskaerak aurkezteko epea.

Bi logelako bost etxe (70 m2 ingurukoak), hiru gelako sei (87 m2-koak) eta izaera iraunkorreko desgaitasuna duten pertsonentzat egokitutako bat izango dira. Garajea eta trastelekua izango dute denek.

Udaletxeko harreran aurkez daitezke eskaerak (astelehenetik ostiralera 8.00etatik 14.30era) edo erregistro elektroniko bidez. Bete beharreko dokumentua udaletxean edo webgunean eskura daiteke (Tramiteak saileko Eskaera orriak atalean).

Egiaztapenak eta kontsultak

Kasu gehienetan, eskaera orriaz gain ez da beste dokumenturik aurkeztu beharko, Udalak egingo baititu sektore publikoko entitateekin beharrezkoak diren egiaztapenak eta kontsultak, eskatzaileak kontrakorik adierazten ez badu.

Baldintzak

Bete beharreko baldintzak lau dira. Adinari dagokionez, 18 urtetik gorakoa edo adingabe emantzipatua izatea eskatzen da.

Bestalde, 2024ko urtarrilaren 1etik Oiartzunen erroldatuta egotea, azken hamabost urteetan bost urtez erroldatuta egon izana edo azken hamar urteetan herrian etenik gabe lan egin izana egiaztatuko da.

Udalak zehaztu duenez, errolda baldintza betetzen dutenek lehentasuna izango dute lan baldintza bete-tzen dutenekiko. Gainera, genero indarkeriaren biktima izan diren emakumeei ez zaie erroldatuta egotea eskatuko.

Baldintza ekonomikoei dagokienez, bizikidetza-unitateak 15.000 euro eta 50.000 euro bitarteko diru-sarrera haztatuak (ponderatuak) izatea eskatuko da.

Azkenik, laugarren baldintza etxebizitzarik jabetzan ez izatea da. Hala ere, Udalak aditzera eman duenez, salbuespenak egongo dira, hala nola, etxebizitza edukita ere bizikidetza-unitatearen beharretarako egokia ez izatea edo banaketa kasuetan, besteak beste.

Informazio gehiago nahi dutenek udaletxera dei dezakete 943 490 142 telefono zenbakira.