Fermin Goenaga Epelde zumarragarrak Alvaro Bermejo idazlearen eta Joseba Urretabizkaia argazkilariaren Etnobotanika liburuan parte hartu du. Sendabelarrekin egiten duen lanaren berri eman dute. Liburua arratsaldean aurkeztu zuten, Zelai Arizti kultur etxean.

Goenagak umetatik du gustuko sendabelarren eta loreen mundua. “Eitzan jaio nintzen eta Matxainera joaten ginen belarrak biltzera. Aita zena belarmin zalea zen, tentsioarentzat ona baita. Hala, niri ere belarrak eta loreak gustatu zaizkit beti”.

Aita belarmin zalea

Bere kasa ikasi zuen. “Beste ba-tzuei kafea, cognaca eta futbola gustatzen zaizkie. Niri, loreak. Liburu asko erosi nituen loreak ezberdin-tzen ikasteko. Naturak, gaitz bat sendatzeko, toki bakoitzean belar bat ematen digula konturatu nintzen. Toki bakoitzean berea dutela, alegia. Bestalde, baserrietako emakume askok ez diete jakintza beraien ondorengoei transmititzen eta ez dut jakintza hori galtzea nahi”.

Hori dela eta, liburu bat idatzi du eta ikastaroak ematen ditu. “Nahi duen guztiari irakasteko prest nago. Ikastaroak mendian ematen ditut, ez gela batean. Donostian, Lasarten eta Zumarragan eman ditut ikastaroak. Erakusketak egin ditut eta liburua ere argitaratu nuen. Caja Laboraleko Arantxa Olaizolari eskerrak eman nahi dizkiot, beti niri lagun-tzeko prest azaldu baita. Eta Segura Irratian aritu nintzen, Jose Angel Igarzabalen saioan”.

Horretaz gain, Alvaro Bermejok eta Joseba Urretabizkaiak ondu duten liburuan parte hartu du. “Altzon bazkaltzen ari ginela, Urretabizkaia gerturatu zitzaigun eta argazki bat atera nahi zidala esan zidan, baserritar aurpegia dudalako. Loreen argazkiak ateratzea proposatu nion, etxean 500 baino gehiago baititugu. Sendabelarrak nahiago zituela esan zidan eta horiek ere baditugula esan nion. Baserrira etorri zirenean, txundituta gelditu ziren. Liburuan garai guztiez hitz egin dute eta egungora iritsi direnean ni sartu naute. Hiru urte eman ditugu lanean”.

Alvaro Bermejok eta Joseba Urretabizkaia

Goenagak egiten dituen pomadek arrakasta dute herritarren artean. “Askotan medikua izango banintz bezala zuzentzen dira niregana. Ez naiz medikua. Hasteko, diagnostikoa eduki behar da. Harriak dituzula esaten badidazu, Lepidium Latifolium gomendatuko dizut, adibidez. Behin erizain bat etorri zitzaidan bere paziente batek erabili zuen pomada baten eske”.