Zumarte musika eskolak, Usurbilgo Udalarekin elkarlanean, antolatzen duen Soinurbil musika asteak XX. edizioa du 2024an. Ostegun honetatik martxoaren 21era bitartean egingo dute.

Hiru asteko egitarauaren bidez, musikaz hainbat eratara gozatzeko aukera izango da, aretoetan zein kalean, Usurbilgo kaxkoan bezala Zubietan eta Aginagan ere. Guztiak doan izango dira, martxoaren 16ko Ene Kantak dantza ikuskizuna izan ezik. Sarrerak usurbilkultura.eus webgunean eros daitezke lau euroren truke eta zikloaren informazio guztia ere bertan ikus daiteke.

Hasteko, ostegun honetan Zumarte musika eskolaren eta Orbeldi dantza taldearen emanaldia ikusteko aukera egongo da Aginagako Eliza Zaharrean, 18.30ean.

Martxoaren 11n, ohiko organo erakustaldia antolatu dute Salbatore elizan, 18.00etan eta 19.00etan.

Martxoaren 12an kantu eta piano errezitaldia izango da Jon Imanol Etxabe eta Alaitz Artolaren eskutik, Salbatore elizan, 18.30ean.

Hurrengo egunetan, Azpeitiko musika eskola, Erromintxelak taldea, Landarbaso abesbatza eta Andoain musika banda izango dira herrian.

Soinurbilekin amaitzeko, hilaren 21ean Zumarteko ikasleek Azpeitian kontzertua eskainiko dute musika eskolen arteko trukeari esker.