Errenteriako musika bandak eta Ereintza dantza taldeak Bantzan ikuskizuna eskainiko dute martxoaren 23an 19.00etatik aurrera Lekuona Fabrikan. Sarrerak ostiralean jarriko dira salgai https://sarrerak.errenteria.eus helbidean edo Lekuona Fabrikan, zazpi euroan. Aitor Mitxelena Rubioren zuzendaritzapean, Bantzan ikuskizunak Gipuzkoako, Nafarroako, Behe Nafarroako eta Zuberoako dantzak bilduko ditu.

Bi kultur eragileen lankidetzatik sortutako proiektua da, Euskal Herriko hainbat lurraldetako dan-tza eta musika bilduko dituena ikuspegi berritzaile batetik. Ikuskizunak 20 dantzari eta 55 musikari jarriko ditu eszenatoki gainean.

EMKEk (Errenteriako Musika Kultur Elkarteak) sortutako Gure Bakarlariak ziklo ibiltarian txertatuta, ikuskizunak bi helburu nagusi ditu: herriko bi kultur eragileren elkarlana sustatzea, dantza eta musika proiektuan uztartuz, eta Euskal Herriko dantzen doinuak eguneratu eta harmonizatzea, ohiko instrumentazioez haratago, instrumentazio zabal eta aberatsagorantz proiektua gidatuz.

EMKEko arduradunek aurkezpenean aditzera eman zutenez, “Errenteriako musika bandak eta Ereintza dantza taldeak elkarlan ugari egin dituzte azken urteotan, baina gehienak formatu txikikoak; gehienez lau dantzarien partaidetzarekin. Aspaldi genbiltzan dantza talde osoarekin ikuskizun bat burutzeko asmoarekin”. Iaz jarri ziren harremanetan proiektu hau ontzeko.

Bere aldetik, Ereintzako dantzariek adierazi zutenez, “oso aukera polita da euskal dantzak banda osoarekin batera taularatu ahal izatea. Gure urteroko emanaldiak herrikoiagoak eta informalagoak izaten dira, eta aspaldiko partez antzoki formatuko emanaldi bat eskaintzea oso motibagarria da guretzat.

Azkenik, Maite Gartzia zinegotziak adierazi zuenez, “Errenteriarentzat oso garrantzitsua da kultur eragileen arteko lankidetza, eta aurkeztutako lana, zubi eta sare horietatik sortua, oso emaitza indartsua eta aberasgarria izango da.