Pasa den asteko ostegun arratsaldean ospatu zen Tolosako Udaleko otsaileko osoko bilkura, eta, Udaleko ordezkariek azaldu dutenez, “lehia bidezko udaleko dirulaguntzen ordenantza orokorraren aldaketa” izan zen bilkurako erabaki esanguratsuenetako bat. Aho batez onartu zuten udalbatza osa-tzen duten EH Bilduko, EAJ/PNVko eta PSE-EEko ordezkariek. “Orain arte dirulaguntza guztiak arautzen zituen ordenantza orokor bat izan du Tolosako Udalak, eta laguntza bakoitza zehatzago arautzen zuen ordenantza propio bana. Urte batetik bestera irizpideetan edo bestelako arauetan aldaketa bat aplikatu nahi izanez gero, ordea, aldaketa bi ordenantzetan egin behar zen, eta horrek asko luzatzen zuen prozesua. Bada, ordenantza orokorra aldatu, eta deialdi bakoitzaren ordenantza propioak indargabetu ditu orain Udalak. Azken horien ordez, urtebeteko indarraldia izango duten oinarri arautzaile espezifikoak izango ditu laguntza bakoitzak, urteko deialdiarekin batera argitaratuko direnak. Horrela, moldaketak egiteko malgutasun eta erraztasun gehiago izango da”, azaldu du udal gobernuak.

Ez zen ordea hau izan ostegunean hartutako erabaki bakarra. Izan ere, iruzurraren aurkako plana onartzeko ere balio izan zuen bilkurak. Horretaz gain, kirol-instalazioen kudeaketarako zerbitzuen emakida kontratuaren espedientea EAEko Aholku Batzorde Juridikora helarazteko erabakia ere aho batez onartu zuen udalbatzak. Villa Sagrado Corazon babesteko, udal-intereseko ondasun higiezinen zerrendan sartzeko Udal Katalogoaren aldaketa puntuala ere onartu zuen udalbatzak, EH Bilduren aldeko bozkekin eta oposizioko alderdien abstentzioarekin.