Hernani Burujabe proiektua martxan jarri zenetik hiru urte bete dira. Aste honetan kontseiluak jakitera eman duenez, onartu berri du 2023ko memoria. Gogorarazi dutenez, Hernani Burujabe herri proiektu bat da, herriko ehun ekonomiko, sozial eta administratiboa barnebiltzen dituen trantsizio ekosozialerako alternatiba praktiko bat. Bertan elkarlanean ari dira Udala, eragile sozioekonomikoak eta herritarrak.

Aurkeztutako dokumentuan subiranotasuna lortzeko lehen emaitzak ematen hasi direla jasotzen da. Konkretuki, urratsak egin dira elikagai sorreran eta horniduran, energian, zaintzan eta telekomunikazioetan, besteak beste.

Elikadurari dagokionez, 2023ak Herrilur dendaren kontsolidazioa ekarri du. 142 bazkide dira jadanik, eta eskaintzen duen produktuen aukera gero eta handiagoa da. Elikagai horien horniduraz HENASE, nekazari eta abeltzainen sustapenerako elkartea, arduratzen da.

Gainera, irailean martxan jarri zen Hernaniko Sukalde Zentrala. Bertara eramaten dira HENASEko tokiko produktuak eta han eraldatzen dira. Besteak beste, tuper zerbitzua eskaintzen hasi da sukalde zentrala. Bertan, gizarte bazterketa egoeran edo arriskuan diren pertsonak laneratzen hasi dira. Guztira, sei pertsona ari dira lanean sukalde zentrala kudeatzen duen Bertatik enpresan. Banaketa zerbitzua ere abian da, eta hor ere langile bat hasi da. Furgoneta isotermiko bat ere erosi dute, zerbitzu horretan baliatzeko.

Tokiko produktuak

Biodibertsitatearen atalean, Hernaniko Udala eta Sagarreta elkartea elkarlanean bidea egiten ari dira udalerriko biodibertsitatea zain-tzeko eta handitzeko. Besteak beste, Udalak 69 lur hektarea inguru erosi ditu baso lurrak publifikatzeko helburuari eusteko, zatirik handiena Katamotzarrin (61 hektarea). Lur publiko horietan bertako basoen proiekturako hazitegi-mintegia martxan jarri dute. Burujabetzen Etxean dago mintegia martxan: 3.000 hazi inguru erein dira, inguruko basoetatik ekarrita. Lehen Hezkuntzako ikastetxe guztiek parte hartuko dute proiektu horretan, eta mintegian lanean arituko dira goiz batez.

Talde horrek Urumea garbitzeko auzolan bat aurrera eraman du, eta 369 kilo zabor kendu ditu ibaitik. Heldu den urtean Urumeako gainerako herrietara zabaldu nahi dute garbiketa proiektua.

Nekazari eta abeltzainak

Ekologiarekin lotura zuzena du energiak eta honi dagokionez, Enherkom Hernaniko Energia Komunitatearentzat oso garrantzi-tsua izan da 2023a. Kooperatiba sortu eta urtebetera bi langile kontratatu ditu, eta bidean jarri ditu autokontsumo kolektiboko lehen ekoizpen zentroak. Haietako batek, Zubipen plaka fotovoltaikoak ezarri dituenak, laster emango ditu bere emaitzak, eta 87 onuradun hasiko dira energia bertatik jasotzen.

Halaber, energia bulegoa eta aholkularitza zerbitzuak eskaintzen hasi da Hernani Burujabe. Zerbitzu hori herritarrei, merkatariei eta enpresei eskaintzen zaie. Bulegoak 444 herritarren kontsulta jaso du 2023an. Horrez gain, enpresei euren karbono aztarna neurtzeko eta eraginkortasun energetikoa hobetzeko zerbitzu bat eskaintzeko oinarria jarri du.

Hernani Burujaberen beste sail bat zaintza da. Esparru honetan bi adarretan ari da lan egiten Hernani Burujaberen zaintzaren mahaia. Batetik, auzo-zaintza zerbitzua indartzeko eta zabaltzeko balio izan du 2023ak. 2022an jarri zen martxan zerbitzua, adinekoen bizi kalitatea hobetzeko asmoz. Geroztik, bakarrik bizi diren 80 urtetik gorako 237 pertsonarekin jarri dira harremanetan auzo-zaintza zerbitzuko beharginak. 17 banakako proiektu sozio-hezitzaile daude martxan, eta, horrez gain, familiaz harago sozializatzeko sei topagune eratu dira. Haietan 53 pertsonak parte hartzen dute. Adinekoek komunitatean parte-hartze aktiboa izan dezaten errazteko ekintzak egin dituzte.

Auzo-zaintza zerbitzua ez ezik, zaintza talde herritarra martxan du Hernani Burujabek. Gogoeta talde bat izatetik, ekintzak egitera egin du salto talde horrek, eta, besteak beste, Zaintza Eguna antolatu zuen iaz.

Azkenik, Euskal Herriko telekomunikazioetako operadore publiko-komunitario baten eskutik (EHKOM) azpiegiturak hedatzeko lanean ari da Hernani Burujabe, Udalarekin elkarlanean. Lau erabiltzaile izatetik 19ra iritsi dira.

Azpiegiturak hedatzeko lan horretan, Martindegi auzoan zuntz optiko sare txikia hedatu dute, eta Santa Barbarako antena baliatuz, Internet seinalea eraman dute landa eremura, hala nola, Jauregi bailara, Antziolara eta Martindegira.