Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Domínguezek Gipuzkoako alkateekin eta turismo-eragileekin bilerak egin zituen asteazken goizean zehar. Tolosaldean izan zen, “eskualdeko beharrak bertako ordezkariekin aztertzeko”. Era berean, topaketan hainbat gai jorratu zirela ere azaldu dute. Hala nola, turismo-jardueraren jasangarritasuna, kultura eta tokiko tradizioa. Diputatuak eskualdean egin duen laugarren agerraldia da aste honetakoa, eta datozen hilabeteetan bilera gehiago egitea aurreikusten dela azaldu dute Diputazioko arduradunek. Topaketa hauen helburua lurraldeak bere osotasunean plantea-tzen duen turismo-sektorearen inguruko aukeren eta beharren ezagutzan sakontzea da.

Lurralderako helburuak

“Diputatu naizen aldetik, kezkatzen nau garatzen ditugun jarduera politikoek herritarren ongizatean eragina izateak, eta hori funtsezkoa da turismoa bezalako arlo batean. Eskualde bakoitzaren indarguneak eta beharrak bertatik bertara ezagutzeko lan egiten dugu eta, horretarako, eskualdeko eragileekin harreman zuzena izan behar dugu”, adierazi zuen agerraldian Azahara Domínguezek.

Diputatua Tolosaldea Garatzen agentzian, Turismo Bulegoan eta Topic-en izan zen lehenik asteazkenean, eta ondoren, Alegiara eta Altzora joan da, azken herri horretan Altzoko Handia erakusketa eta ostatua bisitatuz. Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuaz gain, Tolosako alkate eta Tolosaldea Garatzen elkarteko presidente Andu Martinez de Rituertok, Altzoko alkate Xabier Olanok, Alkizako alkate Iñaki Irazabalbeitiak, Alegiako alkate Regina Sorarrainek, Villabonako alkate Beatriz Unzuek, Berastegiko alkate Andoni Zuriarrainek, Abaltzisketako alkate Ion Zubizarretak, Asteasuko alkate Pili Legarrak, Amezketako alkate Mikel Arteaga, Adunako alkate Kristina Rodriguez, Zizurkilgo alkate Maite Amenabar, Tolosaldea Garatzen elkarteko presidenteorde eta Amezketako alkateorde Alaitz Labaienek eta Tolosaldea Garatzen elkarteko Turismo Saileko kudeatzaile eta arduradun Joxe Luis Urdangarinek eta Olatz Ilarregik, eta Topik museoko arduraduna Iñigo Aguinagaldek ere parte hartu zuten bileretan.