Igandean Urretxu eta Zumarragako mendietan UZ Trail lasterketa prestatu dute. Azken urteetan egiten den bezala, hiru ibilbide egongo dira: lehenengoa 23,4 kilometrokoa, bigarrena 12,1 kilometrokoa eta hirugarrena 6 kilometrokoa. Bi luzeenak Goierri Koparako puntuagarriak izango dira.

Ibilbide luzeko korrikalariak 9.00etan abiatuko dira Areizaga-Kalebarren plazatik. Izazpira igoko dira, herrira jaitsiko dira, ondoren Irimora igoko dira eta helmugara jaitsiko dira. Ibilbide ertaineko korrikalariak, berriz, 9.30ean abiatuko dira. Izazpira igoko dira eta ondoren herrira jaitsiko dira. Ibilbide motzeko korrikalariak ere 9.30ean abiatuko dira. Belokira igoko dira eta ondoren herrira jaitsiko dira.

Areizaga-Kalebarren plaza, abiapuntua

Bi lasterketa luzeenetan 18 urtetik gorakoek bakarrik parte har dezakete eta lasterketa motzean, berriz, 20 urte azpikoek bakarrik. Izen-ematea zabalik dago. Gaur itxiko da.

Lasterketa aste honetan aurkeztu dute. Patxi Catalan antolatzaileak izena eman dutenen %13a bakarrik dela emakumezkoa esan du. Iaz %15 izan ziren emakumezkoak. Hori dela eta, Maialen Fidalgo Urretxuko zinegotziak emakumeak izena ematera animatu zituen.

Parte hartzeari dagokionez, aipatzekoa da Aritz Egea eta Ainhoa Sanz urretxuarrek ezin izango dutela parte hartu. Egeak beste lasterketa bat du egun berean eta Sanz datorren astean izango den Espainiako txapelketa prestatzen ari da.

Catalanek UZ Trailen lokatza espero dela esan zuen. “Jendeak ibilbide lokaztua lehorra baino nahiago du”. Mikel Serrano Zumarragako alkateak aurtengoa dagoeneko 10. edizioa dela eta iaztik argazki rallya ere antolatzen dela aipatu zuen. Argazkia elkarteko Jesus Mari Etxeberriak hitz egin zuen argazki rallyari buruz. Bi maila egongo dira: helduena eta 16 urte azpikoena. Parte hartzaile bakoitzak bost lan aurkeztu ditzake, gehienez. Lanak argazkiaelkartea@gmail.com helbidera bidali behar dira, martxoaren 6ko 14.00ak baino lehen.

Erabakia hartzeko saioa martxoaren 15ean izango da, 18.30ean Zumarragako kultur etxean. Ekitaldia irekia izango da. Sariak martxoaren 22an banatuko dira, 19.00etan, toki berean.