Iritsi da Tolosak, beharbada, urte guztian bizitzen duen egun triste eta goibelena. Aurtengo inauteriak ere joan dira, eta beste behin, festa ederrak bizi izan dira Tolosan sei egunez. Urteroko moduan, jendetza bildu da herrian, eta, nekeari jaramonik egin gabe, kalez kale festa giroa izan da ostegunean hasi eta asteartera bitartean iraun duena. Orain, tolosarrek atseden hartuko dute, eta datorren urteko inauteriak noiz iritsiko atzera kontaketa hasiko dute, ziur. 2025ean, otsailaren 27an hasi eta martxoaren 4ra bitartean ospatuko dituzte festak Tolosan.

Txarangen topaketa izan zen eguneko momentu berezienetako bat. | ARGAZKIA: M.L.

Eguna goizean goiz hasi zuten atzo Tolosan. 6.00etan hasita, Txistularien bandak Alboradako doinuak eskaini zituen Plaza Zaharrean. Zenbait tolosarrentzat, ordea, eguna hasteko baino, bezperakoa bukatzeko doinuak izan ohi dira hauek. Jarraian, 8.00etan, Txaranga mordoa eta tolosar ugari bildu ziren Pa-ttar zezen-era joateko. Pattar zezena amaituta, gosaltzeko geldialdia egin zuten txarangek, eta 11.00etan, Aiz Orratz-Veleta elkarteko txarangak sokamuturra girotu zuen. Hala ere, atzoko Asteartita egunak momentu berezi asko utzi zituen arren, beste urte batez txaranga ezberdinek Euskal Herri plazan egin zuten topaketa izan zen momentu berezienetako bat. Atzokoan ere, San Esteban, Arco Iris, Sukalde, eta Casino elkarteetako txarangek hartu zuten parte bertan. 2023ko inauterietan lehen aldiz topaketa Euskal Herri Plazara mugitzea erabaki zuten Udaleko kideek, eta aurten ere kokapena mantendu zen. Jendetza hurbildu zen txarangen doinuak entzutera, eta giro paregabea bizi izan zen. “Beharbada, musikarietzat ere, inauterietako momentu berezienetako bat da hau, giro paregabea dago, eta gainera, aurten ere, eguraldia lagun dugu”, azaldu zuen atzo goizean Casino Elkartelko Txapel Handi txarangako musikari batek.

16 karroza ezberdinek eskaini zituzten atzokoan dantza eta antzerkiak. | ARGAZKIA: TOLOSAKO UDALA

Inauterietako azken egunak ordea, Zaldunita eta Astelenita egunetan gertatu ohi den moduan, utzi zituen herritarren oroimenerako zenbait argazki berezi. Zaldunitan kaleak hartu zituzten karrozek berriz ere euren saioak eskaini zizkieten herritarrei, eta hauetaz gain ere izan ziren parodiarako eta umorerako tarteak. Inauteriak terapeutikotzat hartzen dituzte tolosarrek. Gorputzari 6 egunetan zehar astindua ematen zaion arren, buruak eguneroko kezka eta arazoetatik deskantsatzen du. Kontraesana dirudien arren, pila berriz ere kargatu, eta egunerokoari indarrez eusteko beharrezko terapia dira inauteriak. Barre terapia, hizki larrietan.

Irudimenak ez du mugarik Tolosako Inauterietan. | ARGAZKIA: M.L.

TOLOSA

Goizean goiz hasten da eguna Tolosan Alboradarekin. | ARGAZKIA: M.L.

Sokamuturra Plaza Zaharrean ospatu da aurten. | ARGAZKIA: TOLOSAKO UDALA

Mozorro originalek berriz ere kaleak bete zituzten atzo. | ARGAZKIA: M.L.

Gazteenek ere txarangan gozatu zuten atzo. | ARGAZKIA: M.L.