2024ko etapazko ibilaldia aurkeztu du gaur Lagun Onak MBk mendizale helduei zuzendutako elkarteak.

Kilometroak-en baitan eta beste hainbat eragilerekin elkarlanean egingo den ekimenaren lehenengo etapa Tuteratik abiatuko da otsailak 17an eta Euskal Herria osoa zeharkatu eta gero, Azpeitian emango zaio bukaera egitasmoari urriaren 19an jai giroan.

Ibilbideak 250 kilometro ditu guztira, eta 6.000 metroko desnibel metatua, eta mendizaleek bederatzi etapetan egingo dutela aurreikusten da.

Mendizaletasunaren eskutik, eta Kilometroak ekimenaren baitan, Euskal Herrian zehar euskarak bizi dituen egoera desberdinak ezagutzeko parada emango du ekimenak. “EAE ez bezala, Nafarroa hiru eremutan banatuta dago hizkuntzaren ikuspegitik. Ibilaldiak Nafarroa guztia zeharkatuko duenez, zonalde ez euskaldun, zonalde misto eta zonalde euskaldunetako herritar eta herri ekimen desberdinen bizipenak ezagutu ahal izango dira: Errigora eta Union Tuteraren adibideak, zonalde ezberdinetako ikastolen ibilbideak... Ahalik eta Beasaindik barrena, Azpeitian amaitu arte: euskararen arnasgune izendaturiko herria. Urrun dagoena hurbilduz, Euskal Herriaren altxor nagusiaren ezagu-tzan sakonduz eraikiko da beraz Azpeitia eta Tutera arteko zubia”, azaldu zuten antolatzaileek aurkezpenean.

Tutera-Azpeitiak azken urteetan Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatu dituen helduentzako etapazko ekimenen antzeko planteamendua dauka. Hau da, Azpeitia-Hazparren, Azpeitia-Bilbo kostatik, Ardoaren eta arrainaren ibilbidea, Azpeitia-Iruñea eta Azpeitia-Hiru Erregeen Mahaia ekimenen antzeko formatuan osatuko da egitasmoa baina, berezitasun batekin, lehen aldiz, Azpeitian egongo da helmuga, eta ez abiapuntua. Ekimena mendizale, ibiltari edo naturazaleei orokorrean zuzendua dago, eta egon daitekeen erronkarik handienetakoa zein politenetakoa izan daiteke: Euskal Herriko mapako urruneneko puntuetako batetik abiatu, eta handik etxerako bidea egin.