Villabonan aurrerantzean martxan jarriko diren politika feministak edota LGTBI+ kolektiboaren eskubideen aldekoak modu parte-hartzailean erabakiko direla jakinarazi du Villabonako Udalak. Horretarako Berdintasunean Ados! lan mahai irekia sortu du. Hileko lehenengo asteazkenetan bilduko da udaletxeko batzar aretoan eta estreinako bilera datorren asteazkenean, otsailaren 7an, izango da, 18.30etik aurrera. Beatriz Unzue alkateak ekitaldiaren aurkezpenean nabarmendu zuenez, aurretik eratutako gainerako mahaiek izan dute “izaera publiko” bera izango du honek ere. “Interesa duen edonor partaide izan daiteke” baieztatu zuen Unzuek. Alkateak berak eta Irune Alfonso Berdintasun zinegotziak hartuko dute parte mahaian, Lurgatz eta Akain talde feministez gain.
Bilerak baino astebete lehenago deialdia eta gai zerrendak villabona.eus webgunean eta sare sozialetako kanal ofizialetan argitaratuko dituzte. Gainera, berdintasuna@villabona.eus helbide elektronikoa ere sortu dute, Alfonsok dioenez, “mahaiarekin harremanetan jartzeko edo berdintasunari lotutako gaien inguruan Udalari kontsultak eta ekarpenak egiteko”.