Oiartzungo Udalak mugikortasunarekin lotutako zenbait neurriren berri eman du. Izan ere, Ihoteak ospatuko dira ostiraletik igandera eta jendetza ibiliko da Doneztebe plazaren bueltan.

Gauzak horrela, larunbatean gaueko zerbitzu berezia eskainiko du Xorrolak, etxerako bueltarako kotxerik hartu behar ez izateko. Zortzi auzoak lotuko ditu orduro, 22.00etatik 6.00etara. Manuel Lekuona biblioteka ondoko geltokitik aterako da eta Xanistebanetako gauetan egin ohi duen buelta egingo du. Herriko plazatik urrutien dauden auzoetara joango da lehenengo

Ibilbidea eta geltokiak honakoak izango dira: Elizalde (irteera), biblioteka ondoko geltokia; Gurutze, Bizardia plazako autobus geltokia; Ergoien, Tornola kaleko autobus geltokia; Altzibar, Zokoloko zubia; Karrika, plazako autobus geltokia; Iturriotz, Beko soro pareko autobus geltokia; Ibarre, gasolindegiko geltokia; Elizalde, Pikabeneko geltokia; Ugaldetxo, Intxixu pareko autobus geltokia; Arragua, Lartzabal etxadiko geltokia eta Mendin, frontoi gaineko geltokia.

Aparkalekua Elizalden

Aurreikuspenen arabera, ostiral eta igande arratsaldean bilduko da jende gehien plazan eta ahal dela oinez edo garraio publikoan joateko eskatu dute Oiartzungo Udaletik.

Autoa behar dutenentzat, ohiko tokiez gain, Elizalde eskolan ere aparkatzeko aukera egongo da ostiral arratsaldetik igande gauera. Beraz, kotxeak errepide eta espaloietan ez uzteko eskatu dute.

Ihoteak urtean Oiartzunen izaten den festa arrakastatsuenen artean kokatzen dira.