Urretxun jaiotakoek eta Urretxura bizitzera etorritakoek elkarrekin kozinatzeko aukera izango dute aurten ere. Izan ere, beste behin, Urretxuko Udalak, Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiaren bitartez, Sukaldanitzak sukaldaritza ikastaroa antolatu du. Hala, urretxuarrek herrialde ezberdinetako sukaldaritzak ezagutzeko aukera izango dute.

Sukaldanitzak egitasmoaren helburua aniztasuna eta bizikidetza sustatzea da. Seigarren edizio honetako saioak otsailaren 24an, martxoaren 9an eta martxoaren 23an izango dira.

Maialen Fidalgo zinegotziak ekimena finkatuta dagoela, herritarren artean ezaguna dela, eta bizirik dagoela esan du. “Urtero plater berriak eta jende desberdina erakartzen ditu”.

Sukaldanitzak otsailaren 24an hasiko da, atzerriko sukaldaritza tailerrarekin. Martxoaren 9an ere atzerriko sukaldaritza ikasteko aukera egongo da eta martxoaren 23an, berriz, bertako sukaldaritza tradizionala. “Oso saio berezia izango da, urtetan gurekin lanean aritu den Luis Mari Perez Pitxin-i omenaldi txikia egingo baitiogu denon artean”, azaldu du zinegotziak.

Sukaldanitzak egitasmoaren seigarren edizio honetako saio guztiak 10.30etik 14.30era egingo dira, Goierri kirol elkartearen egoitzan (Jose Mari Lasa plazan). Izen-emate epea zabalik dago jada. Saio bakoitzean 10-15 lagun elkartuko dira. Hasteko, erosketak egitera joango dira. Ondoren, aste horretako platera kozina-tzen ikasiko dute. Bukatzeko, parte- hartzaile guztiek elkarrekin bazkalduko dute.

Herritarrei gonbita

Fidalgok herritar guztiei gonbita luzatu die. “Jarduerak gure aniztasun sozialaren eta kulturalaren aberastasuna aprobetxatu nahi du eta, aldi berean, giro atseginean elkar ezagutza bultzatu. Beraz, deitu 693 900 568 telefono zenbakira edo idatzi aniztasuna@urretxu.eus helbide elektronikora. Animatu parte hartzera!”, aipatu du zinegotziak. .