2023ko edizioa ospatu berri du Gabon Sustraiak lehiaketak, laugarrena dagoeneko, eta Ormaiztegiko Urmaiz Abesbatzak irabazi du. Lehiaketa honek herri edo eskualdeko betiko gabon abesti bat euskaraz abestean datza; helburu nagusia, herriko gabon kanta ezezagun bat interpretatuz hau ezagutzera ematea izanik.

Sari banaketa ekitaldia abenduaren 30ean egin zen, Errenteriako Helduen Gabon Kanten Lehiaketako 77. edizioko sariak eman aurrean. Epaimahaiak Ormaiztegiko Urmaiz Abesbatza goraipatu zuen, abestutako kantua identifikatzeko egindako ikerketarengatik eta etorkizunean abestia ezagunagoa izan dadin egin duen zabaltze lanarengatik.

Urmaiz Abesbatzako kideek honela laburbildu dute abestiaren historia: “Abesti hau nork egina den eta noizkoa den ere ez dakigu. Azken urte hauetan galdezka aritu gara baina ez dugu aurkitu gauza handirik. Herriko zaharrenek beraien gogoan betidanik abesten dela Ormaiztegin eta gurasoengandik ikasi dutela esan digute. Esperanza Irizarrek, orain 95 urte dituenak, bere aitak eta amak ere abesten zutela esan digu, era hauek, gurasoak 1900 eta 1903 urtean jaioak dira. Partiturik gabe jo izan dute gaur arte soinujoleek, belarriz ikasita aurrekoei. Eta abeslariak ere hala ikasi dugu. Goraipatzekoa da XX. mendearen 60-80 hamarkada inguruan, Pascual Larrañagak egin zuen lana. Haur eta gaztetxo taldeei erakutsi zien abesti hau, gabon egunean, abenduaren 24an, kantari ateratzen zituelarik kalez kale eta baserriz baserri. Orain, Urmaiz koruak, Xabier Barriolari partituran jartzea eskatu dio eta horrela gure nahia da, ondorengoek ere jaso eta gorde dezatela herriko altxor hau. Badakigu eta ondare bizia dugula”.