2024ko Korrikak herriz herri egingo duen ibilbide ofiziala Aste honetan bertan aurkeztu da, etaTolosatik martxoaren 23an, larunbatean, igaroko dela jakin dute antolakuntza taldeako kideek. Tolosako Udalak ere, festarekin bat egin eta larunbat horretarako jai egitaraua antolatuko du. “Jai eguna izanik, festa giroa izango da herrian. Azoka ere izango da, baita festa giroko ekitaldi gehiago ere. Hori horrela, Tolosako Udalak herritar oro animatu nahi du euskararen aldeko ekimen erraldoi honetan parte hartu, eta beste behin ere, Tolosako kaleetan euskararen alde egitera” adierazi dute Udaleko kideek. Hain zuzen ere, martxoaren 23an, larunbatean, eguerdiko 13.45ak aldera Alegia aldetik, Artzabaltzatik barrena helduko dela aurreikusten da, eta bide hau egingo du: Amarotz, San Blas, Bidebieta, Ibarra, Trianguloa, Oria kalea, Nafarroa etorbidea, Santa Klara, Plaza Zaharra eta Gorriti plaza. Belatetik barrena, Anoeta aldera abiatuko da. Azken Korrika edizioan tolosarrek izan zuten “eran-tzun bikaina” ikusita, aurtengoan ere horrelako erantzuna izatea espero dute Udaleko kideek.

Korrikarekin batera, Korrika Kulturalaren eskutik, Badon opera garaikidea ere eskainiko da Tolosan. Korrika Kulturalaren helburu nagusia “Korrikaren alde lan egiten duten guztiei eskerrak ematea” dela azaldu dute antolatzaileek, eta, horretarako, kalitatezko kultur ekitaldi bat eskaintzen da, eta bide batez, euskal kulturaren askotariko adierazpideak bazter guztietara zabaltzen dira. Badon martxoaren 16an izango da Leidorren, arratsaldeko 19.00etatik aurrera. Hausnarketa-ikerketa-sorkuntza prozesu kolektibo eta kolektibizatu baten emaitza da, sinergiak eta diziplina arteko zubiak eraikiko dituena. Formatuari dagokionez, askotariko osagaiak eskainiko dituen ikuskizuna izango dela aurreikusten da.