Aurtengo Mundualdiaren bueltan iragarri bezala, Usurbil harrera herri izateko bidean sakondu nahi dute Usurbilgo Udalak eta Aniztasun Kontseiluak. Etorri berriei harrera egoki bat egiteko hainbat dira landu beharreko alderdiak. Herria eta herritarrak ezagutzen laguntzea da alderdi horietako bat, eta horretarako HarEman programa prestatu da.

Hortaz, HarEman gizarte mentoretzarako programa herrira etorri berriei harrera errazteko boluntario bila dabil. Guztira, 20 boluntarioren bila dabiltza: Usurbil eta herritarrak hobeto ezagutu nahi lituzketen hamar pertsona eta horien bidelagun izango diren beste hamar pertsona bilatu nahi dituzte. Udalak Zabalduz gizarte ekimeneko kooperatiba kontratatu du zeregin horretan laguntzeko.

Mentore eta mentoratu banarekin osatu nahi dituzte bikoteak. Animatzen direnen ezaugarrien arabera osatuko dituzte bikoteak. Astean behin bien artean adostutako ekintzaren bat egitea da asmoa, eta harremana eraiki.

Parte hartu nahi dutenek Udal webgunean aurki daitekeen formularioa bete behar dute (https://www.usurbil.eus/eu/hareman). Informazio gehiago eskura-tzeko, 747 490 194 telefonora deitu edo hareman@zabalduz.eus helbidera idatz daiteke.