2022ko azaroaren 8an eman zioten hasiera Anoetan landa eremuko lursailen geolokalizazio proiektuari eta, urtebeteren ondoren, eman diote amaiera. Udalak eskerrak eman dizkie lur jabeei erakutsi duten prestutasunagatik eta mugak identifikatzen egindako lanagatik. Abenduaren 20an Mikel Sagasti auditorioan egin zuten bilera lur jabeekin eta bakoitzari bere lursailen neurketa topografikoak eta adostutako mugen erreferentziak eman zi-tzaizkion. Urtebeteko prozesuan, Anoetako lur jabeen %80ak hartu du parte eta lursailen %97,5era mugatu da. Mugaketa hauek egiteko 1.282 puntu neurtu eta tartean, 421 mugarri geolokalizatu direla jakinarazi du udalak.

Gainera, Udal gobernuko kideek azaldu dutenez, Geograma enpresak egin ditu neurketa lanak. Udalak 48.000 euroko inbertsioa egin du egitasmoa gauzatzeko eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren 10.000 euroko diru laguntza izan du.