Atxipi Aisialdi Taldeak, Beasaingo ohitura zaharrari eutsiz, Erregeen Zamalkada antolatu du aurten ere. Goizetik hasi eta iluntzera bitartean, hainbat ekintza izango dira urtarrilaren 5ean, Eguberri jaiei agurra modurik magikoenean emateko helburuz.

Goizeko 10.30ean, Errege Magoek Arangoiti zaharren egoitza bisitatuko dute, bertako aitona-amonei opariak banatzeko. 12.00etan, berriz, haurren eskaerak entzun eta gutunak bilduko dituzte Loinazko San Martin Plazan. Euria egiten badu, Plazapera lekualdatuko da ekitaldia.

Arratsaldean izango da Errege Magoen Zamalkada handia. Igartzako Jauregitik irtengo da. 18.15ean, eta 19.15ean Loinazko San Martin Plazara iritsiko da. Bertan, Errege Magoen ongi etorri ekitaldia egingo da. Erregeen Zamalkadan hainbat taldek parte hartuko dute: Atxipi, Bakuntza Taldea, Goizeresi Txistulariak, Loinatz Musika eskolako Trikitilariak eta Panderojoleak, Musika Banda, Koskola Txaranga, Kantujira, Irratizaleen Elkartea, Asmube eta Nagusilan.

Boluntarioen garrantzia

“Ekitaldiak eta ohiturak mantendu daitezen ezinbestekoa da boluntarioen parte hartzea. Gogoa dutenek atxipi.aisialditaldea@gmail.com helbidera ida-tzi besterik ez dute”, adierazi du Atxipi Aisialdi Taldeak.