Igandean, urtarrilaren 7an, Astotxo Eguna ospatuko dute Lazkaon. Ansoategi Kultur Elkarteak eta Gipuzkoako Astozale Elkarteak antolatutako ekitaldia da. Hainbat ekintza izango dira goizean zehar; hain zuzen ere, urteroko ekintza tradizionalak.
“Asto goizeresiarekin hasiko dugu eguna, txistulari, tikitilari eta joaldunez lagundurik, asto ilara paregabea abiatuko da 9.30ean plazatik. Urtero bezala, nahi duten lazkaotarrek parte har dezakete bertan, sokatik asto bat eramanez. Gero, eguerdi aldera, euskal asto arrazaren Gipuzkoako XXIII. lehiaketako irabazleak ezagutuko ditugu”, azaldu dute antolatzaileek.