Usurbilgo Udalak eta Urbil merkatal guneak hirigintza hitzarmena sinatu dute merkataritza guneko urbanizazioaren kontserbazio lanen inguruan. Udalak urbanizazioa jaso aurretik, Urbilek hainbat lan egiteko konpromisoa hartu du. Baldintza ekonomikoak eta denborazkoak finkatu dituzte akordioan.
Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak hitzarmenaren inguruko azalpenak eman zituen azaroko osoko bilkuran, nahiz eta onespenik behar ez izan. Izan ere, hiru urte eman dituzte hitzarmena lantzen, eta hitzarmen garrantzitsua da Udalarentzat.
Urbilgo urbanizazioa jaso aurretik, ordea, lehenik eta behin urbanizazioa nola dagoen aztertu eta Urbilekin konpartitu zuten: Udalak urbanizazio hori ze baldintzetan jasoko duen zehaztu zuten, horrela. Dokumentuan jaso zutenez, Urbilek 16.500 euroko ekarpena egingo dio Udalari, eta, horrez gain, 67.000 euro inguruko balioa duten hainbat lan urtebeteko epean egiteko konpromisoa hartu zuen.
2029ko ekainaren 30era arte, gainera, Urbilen ardura izango da bertako kale garbiketa ere. “Hemendik sei urtetara, hitzarmeneko baldintza guztiak betetzen direnean, Udalak Urbil inguruko urbanizazioa erabat jasoko luke”, azaldu zuen Solaberrietak.