EH Bilduk Tolosan osatzen duen Udal Gobernuak asteazkenean aurkeztu zuen 2024rako aurrekontu proposamena. Aurtengoa 38.245.967 eurokoa izango da eta, udal ordezkariek azpimarratu zutenez, 2023ko aurrekontuekin alderatuta, %14,8an igo da, eta beraz, ia bost milioi euro gehiagokoa izango da. Udaleko giza baliabideak indartzea izango da hurrengo urtera begirako asmo nagusienetako bat, horregatik %6 igoko da pertsonaleko gastua. Asko dira hutsik dauden lanpostuak, eta hauek betez gero inbertsioen eta proiektuen exekuzio mailan “nabarmen hobetu daitekeela” uste du udal gobernuak. Asteazkenean eginiko agerraldian, Esti Kortejarena Kontuhartzailetza eta Diruzaintzako zinegotziak azpimarratu zuenez, “aurreko urteetako inbertsioen betetze maila %30 ingurukoa izan da. Proiektuetako asko ez dira garatu eta pilaketa handia da”. Arazo honen aurrean, egungo EH Bilduko gobernuak aurreikuspen “errealistagoa eta egingarriagoa osatzea” izan du helburutzat. Horregatik aurten indarrak lantaldea indartzera bideratuko ditu udal gobernu berriak, behin hori eginda “etorkizuneko proiektuak egin ahal izateko“.

Pertsonal Saila izango da, esaterako, indartuko den departamentuetako bat, hain zuzen, hautaketa prozesuekin dagoen atzerapena desblokeatu asmoz. “Prozesu horiek gauzatu eta behar diren gainerako kontratazioak egingo balira, beste sail batzuetan pilatuta dagoen lanari irteera emateko moduan izan gintezke” azaldu zuen Kortejarena zinegotziak asteazkenean egindako agerraldian. Hirigintza Saila eta Udaltzaingoa dira, besteak beste, hornituko diren sailetako bi. Udaltzaingoaren kasuan, gainera, ibilgailuen flota berrituko da, garabi batekin, bi motorekin eta beste ibilgailu elektriko batekin. Aurrekontuak osotasunean aztertuz, inbertsio handienak hirigintza sailean egingo ditu udal gobernuak. Urbanizazio obretarako, esaterako, 262.000 euro gehiago izango ditu Udalak. “Hala, egingo diren lanen artean daude, besteak beste, Soldadu kalearen egokitzapena, Apattara bidean dagoen San Inazio kaleko bidegurutzean segurtasuna hobetzeko eremu horren eraldaketa, Ibarrako Udalarekin elkarlanean, Zuloaga auzoko bidearen egonkortzelanak, Korreo kaleko Iturritza Jauregiko fatxada eta teilatuaren eraberritzeak edota Larramendi auzo elkartearen eta Zutani elkartearen lokalen egokitzapenak” azaldu zuten asteazkenean EH Bilduko kideek. Mantenu lanetarako partida ere bikoitza baino handiagoa izango da: 100.000 eurora iritsiko baita aurrekontu hori.

Inbertsio ez materialen atalean, etorkizunean errealitate izango diren beste hainbat lanen oinarri izango diren azterketa eta proiektuen idazketak aurreikusi ditu Udalak. Esaterako, Iurreamendiko babes ofizialeko alokairuko etxeen proiektua idatziko da, baita Samaniego ikastetxeko sarreraren, Iurre auzoko plazetako lurraren aldaketaren edota Iturriza, Abastos eta Iturzaeta pabiloiaren barrualdeen egokitzapen lanenak ere. Alde Zaharreko Plan Integralaren hurrengo faseetako lizitazioak martxan jartzea ere aurreikusia du Udalak. Horretaz gain, “garrantzi handiko” beste bi proiekturen lehen urratsak ere eman nahi ditu EH Bilduk. Izan ere, Trianguloa plazako lurra aldatzeko eta tren geltokiko plaza eraberritzeko azterketak martxan jartzeko helburua du Udalak.

Kirol arloan ere, Usabaleko kiroldegiarekin 2023an izan diren arazo guztiei aurre egin ahal izateko zenbait aldaketa egin behar izan dira aurrekontuetan, asteazkenean azaldu zutenez. Horrela, herriko kirol taldeen ezohiko gastuak konpentsatzeko, 50.000 euroko dirulaguntza lerro bat sortu du Udalak. Aurrerago emango dituzte xehetasun guztiak. Bestalde, kirol instalazioetako inbertsioetarako eta azpiegituraren mantenurako ere ia 400.000 euroko gastuak aurreikusi ditu Udalak. Azkenik, aurrekontu parte-hartzaileen bidez tolosarrek hautatutako bost proiektuak ere barnebiltzen ditu aurrekontu proposamenak. Proposamenen prozesuaren hasieran azaldutakoaren arabera, 500.000 euroko gastua aurreikusten du Udalak proiektu hauetarako.