jendearen festarako eta herriko elkarteek prestatutako txistorra dastatzeko gogoak ez ziren zapuztu Errenteriako Santo Tomas azokan euria dela eta.Aurten, Zumardia eta Herriko Enparantzako aterpeak oso preziatuak egon dira bertan txistorra pintxoari, bokatari edo taloari koska bat emateko.

Aurtengo edizioa berezia izan da, lehenengo aldiz txerririk ez delako bertan izan. Hala ere, Zumardiko erdigunean, ohi bezala, txerriaren pisua asmatzeko porra egiteko aukera egon da. Txerria bertan ez, baina San Tomas eta Neguko Solstizioaren protagonista izateko aukeratutako Peio txerri beltzaren argazki bat bertan zegoen. Txerriari beti jai honetan omendu nahi duten pertsona baten izena jartzen diote eta aurten Peio izan da antolakuntzaren gorazarrea jaso duena.

Artisau bat azalpenak ematen.

Xenpelar AEK euskaltegiak duela 37 urte sortu zuen Neguko Solstizioa-San Tomas eguna; beti ere herrigintzan, talde lanean eta animaliekiko zein norbanakoekiko errespetuan oinarrituta. Azoka honen beste ezaugarri bat belaunaldiarteko lana da, bertan daude 17 urtetik 70 urtera arteko pertsonak lanean.

Izan ere, jaia antolatzeaz anitzak diren herriko hamabi elkarte arduratzen dira: Ereintza dantza taldea, Alaitasuna, BPAN, Landarbaso abesbatza, Oiartzoko ikasleak, Burusoilen elkartea, Sputnik, AEK euskaltegia, CAR, Oiarso saskibaloi kirol taldea, MotorBike eta Errenteriako Udala.

“Saia zaitezte elkarrekin eta elkarrenganako zaintza berresten, natura zaintzen, ingurumena… Horrela, bat egin Orereta-Errenteriako Neguko Solstizioa/San Tomas Batzordeak helarazten dizkizuen baloreekin: konpromisoa, kontsumo orekatua, garaian garaikoa izatea, O kilometrokoa, auzolana… eta euskalduna. Izan arduratsua eta gozatu, maite dugunarekin eta lagunekin elkartu, txistorra jan”, adierazi zuten antolatzaileek festaren aurkezpenean.

Ideia horiek herritarrek atzoko egunean jarraitu zituzten: baserritar jantzi ugari ikusi ziren eta baita norberak bere etxetik ekarritako edalontzi berrerabilgarriak ere.