Merkatu Txikiak larunbata honetan zabalduko ditu bere ateak, Laskorain Ikastolak antolatuta, eta urtarrilaren 4ra bitarte izango da zabalik. Antolatzaileek azaldu dutenez, ohi bezala, Tolosako kultur etxeko areto nagusian egongo da zabalik merkatua. Goizean 10.30ean hasi, eta 13.00ak bitartean, eta arratsaldez, 16.30etik 19.00etara. Merkatu txikia antolatzen duten ikastolako kideek azaldu dutenez, “kooperazio eta elkartasun baloreak ikasleekin gelan lantzeaz gain, ekimen honekin ikastola komunitatea osatzen dugun guztion partaidetza bultzatzea da helburua”. Aurten, ekimen honetan bildutako diruarekin eskualdeko hiru proiektu lagunduko dituztela baieztatu dute antolatzaileek. Zutani, Tolosaldea Sahararekin eta Ibarratik misio taldea Gobernuz Kanpoko Erakundeetara bideratuko dute lortutako dirua, hain justu.

Merkatua bihar irekiko duten arren, antolaketa lanetan murgilduta egon dira ikasleak azken asteetan, batez ere, bigarren eskuko materialaren bilketan. Hain zuzen, ekimenari babesa adierazteko moduetako bat da merkatuan salgai jartzeko materiala ematea. “Etxean erabilerarik gabe, baina egoera onean ditugun arropak, jostailuak, liburuak... eraman daitezke” azaldu dute ikasleek. Gaur, Merkatu Txikia bihar zabaldu aurretik, lagundu nahi duenak Kultur Etxera eraman beharko ditu bigarren eskuko produktuak 17.30etik 19.00etara bitartean. Bihartik aurrera, berriz, Merkatu Txikia zabalik den orduetan eraman ahalko dira arropa, jostailu edo tresnak.