Olentzero eta Mari Domingiren etorrera ekitaldia antolatu du abenduaren 23an Lau Haizetara elkarteak, urtero bezala. 17.00etan Errenteriako ermitan egingo zaie harrera eta jarraian kalejira egingo da herriko kaleetan zehar, zenbait musika eta dantza talderen segizioak lagunduta, Herriko Plazara iritsi arte.

Bertan, 18.30ak aldera, eskutitzak jasoko dituzte eta haurrek Olentzero eta Mari Domingirekin hitz egiteko aukera izango dute. Gutun ematearekin batera, Gaiztainerre jai tradizionala izango da Herriko plazan.

Gabonei begira, Lau Haizetarak Olentzero eta Mari Domingiri idazteko gutuna eskuragarri jarri du, haurrek haien eskakizunak egiteaz gain margotzeko aukera ere izan dezaten.

Horrez gain, larunbatean bertan, haurrentzako tailerra egingo da eguerdiko 12.00etan, Lau Haizetara elkartearen egoitzan.

Amaitzeko, elkarteak gonbitea zabaldu die gurasoei haien seme-alabei jostailu hezigarriak eta euskaraz egiteko balio dutenak aukera-tzen lagun diezaieten. Horretarako, deskontu-baleak eskuragarri ditu elkarteak.

Beste olentzeroak

Errenteriara Olentzero eta Mari Domingi behin baino gehiagotan etorriko dira eta herriko auzo desberdinetan ikusteko aukera egongo da.

Igandean, Koldo Mitxelena ikastetxeak Olentzero eta Mari Domingiren kalejira antolatu du. Markolatik 9.00etan irtengo dira eta 10.30ean bukatuko dute ibilbidea.

Gainera, urtero bezala, Eguberri bezperako kalejira antolatu du Orereta ikastolak hala nahi duen herritar orok parte hartzeko. Eguberri kantak abesten ibiliko dira igandean kalez kale Olentzerorekin, herriko txokoak alaitzeko gogoz. Eskertuko da, ahal bada, baserritarrez jantzita joatea. Ibilbidea honakoa izango da: Agirre Lehendakariaren plaza (Lino), Gamon Zumardia, Foru plaza, Koldo Mitxelena plaza (Esmalteria), Maddalen kalea (ermita) eta Herriko Enparantza.

Gaztaño auzoan ere Olentzero eta Mari Domingi ibiliko dira. Bertan, kalejira igandean 17.00etan aterako da eta auzoan barrena ibiliko dira 18.30ak arte.