Usurbilgo Udal gobernuko ordezkariek 2024ko aurrekontuak aurkeztu zituzten atzo. Adierazi zutenez, Udalak 13,12 milioi euroko aurrekontua izango du 2024an, aurtengoaren baino zertxobait txikiagoa “aparteko diru-sarrera berezirik” espero ez delako. Aurten, 13,17 milioi kudeatu ditu. Datorren asteko osoko bilkuran onartuko dute aurrekontu proposamena.

Udal ordezkariek aditzera eman zutenez, , “herri misioetan eta herri-auzoen eraberritzean sakontzeko aurrekontuak” izango dira. Hau da, trantsizio ekosozialean, 650 Usurbil Bizi erronkan, gizarte babesa eta zaintza eredu berriaren inplementazioan, udal eraldaketan eta auzoetan jarriko dituzte indarrak.

Adibidez, 650 Usurbil Bizi proiektua ardatz, tokiko garapena eta kultura sustatzeko 200.000 eurotik gora bideratuko ditu. Zumetaren 50. urteurreneko ekitaldiekin jarrai-tzeaz gainera, Ez Dok Amairu parkea gauzatzen hasiko dira eta Sagardoaren Usurbil eta Errioaren Usurbil garatzen hasteko proiektuak lan-tzen hasiko dira, bai eta bisita gidatu berriak sortu ere.

Zaintza eredu berriaren inplementazioan “urrats kualitatiboak” egin nahi dituzte, eta 200.000 euro bideratuko dituzte horretara. Ekosistema horren parte izango den Txirikorda belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioa “gutxi barru” irekiko dutela azaldu zuten.

Auzoei dagokienez, inbertsio handienak Etxealdian, 350.000 euro auzoaren beheko aldeko espazioa berrantolatzeko, eta Txokoalden egingo dira. Azkeneko honetan 100.000 euro jarriko dira zubia berritzeko. Gainera, ETSrekin hi-tzarmena lantzen ari da Udala: 1,4 milioi euroko aurrekontu osotik 300.000 euro Udalak jarriko ditu, hiru urtetan banatuta.

Santuenean ere 100.000 euro jarriko dituzte, 2023ko irailean onartutako kreditu aldaketaren bidez, auzotarrekin adostutako hobekun-tzak egiteko. Kalezarren, Aginagan, Zubietan eta Atxegalden ere hobekuntzak egingo dituzte datorren urtean.

Azkenik, energiaren alorrean, 2021ean landutako proiektuari jarraituz, energia kontsumoa gutxitu eta sistema eraginkorragoak erabiltzeko, 90.000 euro bideratuko dituzte argiteria publikoa berritzeko eta plaka fotovoltaiko gehiago jarriko dituzte (40.000 euro).

Horrez gain, herriko energia komunitateari bultzada bat emateko, Udalak kooperatibaren bidelagun izaten jarraituko du.