Abenduaren 26tik 29ra Zirku Eskola antolatu da bigarren urtez jarraian Errenteriako Lekuona Fabrikan, Berdinki Zirku Garaikidea konpainiarekin eskutik.

Lehen edizioan izan zuen arrakasta kontuan hartuta, mantendu egingo da egitaraua, eta are gehiago, nerabeei eta helduei zuzendutako tailer bat ere gehituko da.

Era berean, azken egunean, adin-tarte ezberdinek elkarrekin disfrutatzeko aukera izango dute Zirkua Familian tailerrean. Kasu honetan, nahitaezkoa izango da gutxienez haur bat eta heldu bat egotea.

Izen-ematea dagoeneko zabalik dago Lekuona Fabrikan edo sarrerak.errrenteria.eus webgunean eta doakoa izango da. Azpimarratu dutenez, Zirkua Familian tailerrean ere izen-ematea parte-hartzaile bakoitzeko egin behar da eta ez familia bakoitzeko.

Abenduaren 26an, 27an eta 28an, hiru txanda egongo dira: haurrak (5-7 urte), 10.00etatik 11.30era; haurrak (8-11 urte), 11.45etik 13.15era; eta nerabeak eta helduak (12 urtetik aurrera), 17.00etatik 19.00etara.

Azkenik, abenduaren 29an Zirkua Familian tailerraren bi txanda egongo dira: 10.00etatik 11.30era eta 11.45etik 13.15era.