Bihar Santa Lutzi feria egingo dute Urretxu eta Zumarragan. Lehenago, gaur bertan, 18.00etatik 21.30era ardo azoka egingo dute Urretxuko Iparragirre plazan. Bederatzi upategietako ardoak eta pintxoak dastatzeko aukera egongo da.

Biharko ekitaldiei dagokienez, 08.00etatik 14.00etara ganadu feria eta sariketa egingo dute Zumarragako Urdaneta hiribidean. Pottoka sariketan 45 buruk parte hartuko dute, Euskal Herriko mendiko zaldi sariketak 70 buruk eta haragitarako zaldi abere sariketan 34 buruk.

Handik gertu, La Salle-Legazpi ikastetxeko patioan, nekazaritzako tresnen feria egingo dute. Zumarragako Euskadi plazan eta Urretxuko Gernikako Arbola plazan, berriz, fruta eta barazki sariketak egingo dituzte. Urretxun ezti lehiaketa ere egingo dute. Areizaga-Kalebarren plazan izango da. Kapoi eta oilasko lehiaketa, berriz, bi udalek elkarrekin antolatu dute. Hori ere Areizaga-Kalebarren plazan izango da. Sari guztiak han bertan banatuko dira, 13.30ean.

Horretaz gain, denetik erosteko aukera egongo da: jakiak, burdindegiko produktuak, larrukiak, oinetakoak, arropa eta osagarriak, otarrak, loreak... Zumarragan 201 postu jarriko dituzte eta Urretxun 124.

Dena ez da salerosketa izango, ordea. Kultur eta kirol ekitaldiak ere antolatu dituzte. Goizean zehar txistulariek, dultzaineroek, trikitilariek eta Zumarragako bandak bi herrietako kaleak alaituko dituzte. Kirolari dagokionez, 12.30ean herri kirol jaialdia egingo dute Urretxuko Ederrena pilotalekuan. 13.30ean artzain txakur erakustaldi komentatua egingo dute Urretxuko Zubimusu plazan eta 17.00etan profesionalen arteko pilota partidak jokatuko dira Ederrena pilotalekuan. Partida nagusia bigarrena izango da, binakako txapelketa nagusikoa. Ezkurdiak eta Tolosak, Peña II eta Albisu ataundarraren aurka jokatuko dute. Zumarragako plazan, berriz, 20. idi proba txapelketako finala jokatuko da. 18.00etan hasiko da.

Ekitaldi parte hartzaileak ere antolatu dituzte. Argazki rallyan parte hartu nahi dutenek Urretxuko kultur etxean eman behar dute izena, 9.00etatik 10.00etara. Bestalde, 11.00etatik 14.00etara Wally eta bere hiru lagunak azokan zehar ibiliko dira. Lauekin argazkia ateratzen dutenek bi saskiren zozketan parte hatuko dute.