Altzon Olentzerotan Jakin-minez kultur astearen baitan egitarau zabala antolatu du Udalak, eta igandean eman zioten hasiera herriko plazan egin zuten azoka bereziarekin. Bertako eta inguruko baserritar eta artisauek euren postuak jarri zituzten, eta giro ederra izan zen egun guztian zehar. Eguraldi lagun zutelarik, jende ugari gerturatu zen azokara bertakoa ikusi, dastatu eta erosteko asmoz. Duela 27 urte eman zi- tzaion hasiera negu bezperako ekimen honi eta, Udal ordezkariek azaldu dutenez, “jakintzak partekatzeko eta gogoeta sustatzeko guneak sortzea eta gozamenerako tarteak eskaintzea” da ekimenaren helburua, besteak beste. Orain, aste guztian zehar ekimen ugari izango dira Altzon. Gaur San Blas erroskilak egiteko tailerra izango da Gurutze Gaztañagaren eskutik, 17.30etik aurrera, Elordi elkartean, eta datorren ostegunean, hilaren 21ean, emango diote amaiera ekimenari Loatzo musika eskolako ikasleen kontzertuarekin.