Hilabete bat bete pasa da Jose Erbiti kalean, Errenteriako Niessen merkatuaren ondoan, baserritarren azoka zabaldu denetik. Bertan bost baserritarrentzako postu daude, zuzenean bere produktuak bezeroei saltzen dizkieta, zuzeneko konexio bat sortuz.

Errenteriako Udalak beharrezkoa ikusi zuen baserritarrei salmenta toki egokiago bat jartzea, Xabier Olaskoaga plazan “isolaturik” zeudelako. Hortaz, Jose Erbitin aterpe bat eraikitzea erabaki zuten lehen sektorea bultzatzeko eta herritarrei hurbileko eta sasoiko elikagaiak eskuratzen laguntzeko. Baserritarren azokako eragileak bat datoz erabakiarekin: leku-aldaketa beharrezkoa zen.

“Hemen aterpea dugu, euriarengandik babestuta gaude eta gainera haize gutxiago dabil”, dio Erkunde Garcia saltzaileak. Hala eta guztiz ere, egun goibeletan argi pixka bat gehiago izatea faltan botatzen duela gaineratu du. Oiartzungo ekoizle batetik eskuratzen dituzte garaiko barazkiak et salmentei dagokienez gorakadirik ez dutela nabarmendu dio: “Guk bezero finko batzuk ditugu eta horiekin lan egiten dugu”.

Gainera, Niessen eraikinaren barruan dagoen Errenteriako Merkatuaren ikusgarritasuna handitu eta sarbidea hobetzeari begira, sarbide zuzen berri bat, Jose Erbiti kaletik ere, egokitu da.

Merkaturako sarbide zuzena errazteak, merkataritza-gunetik igaro beharrik gabe, merkatuaren eta barruan dauden denden erreferen-tzialtasuna hobetu du, eta, aldi berean baserritar postuen posizionamendua hobetu du, Errenteriako Udalaren iritziz.

Baserritarren merkatuaren inaugurazioan, Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak, landa eremuak eta baserritarrek “aitortza” behar dutela adierazi zuen eta bide horretan jarraitzeko konpromisoa berretsi zuen.

Azoka berriaren irekiera “jauzi kualitatibo” gisa definitu zuen Otaegik, elkarlanean egindako urratsa izan dela azpimarratuz. “Merkatua eta baserritarrak modu osagarrian elkarren ondoan lanean jartzeak biderkatzen du bakoitzak bere kasa duen potentziala”, adierazi zuen alkateak.

Maixabel Alfonso Errenteriako Merkatua elkarteko kidearentzat, bestetik, Jose Erbiti kalea eta Errenteriako Merkatua lotzen dituen sarbide berriarekin “gure esentzia denaren aldeko urrats positiboa egin dugu, baserritarrekin bat eginez”.

Halaber, Maika Marinen, Errenkoaldeko lehendakariaren esanetan, merkatua “udalerri batentzat ekonomiaren eta merkataritzaren motorra da” eta aldaketarekin “ikusgarritasuna” handitu duela azpimarratu zuen.

Oiartzunen

Lehen sektorean

Oporrak eta bajak. Bestalde, Oiartzungo Udalak ere herriko lehen sektorea babestu eta indartzeko zerbitzu aitzindari berria jarri du abian. Baserri lanetan trebatutako langile bat kontratatu du Behemendi landa garapen elkartearen bidez, abendutik aurrera nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategietarako doako ordezkapen zerbitzua eskaintzeko. Laguntza behar duten herriko ustiategietara joango da, hainbat egunez bertako eginkizunak egitera.

Ibon Mitxelenaek, Ekonomia sozialerako zinegotziak, baserriek eta lehen sektoreak Oiartzunen duen pisua eta garrantzia narbarmendu du: “Hemen kontsumitzen ditugun elikagaiak bertan sortzeko, burujabe izateko, ezinbestekoa da sektorearen iraunkortasuna, bai dauden ustiategiak mantenduz zein berriak sortuz, eta horretarako oinarrizkoa da lan egiteko baldintzak erakargarri izatea”. “Jakitun gara askotan sektore honek eskatzen duen dedikazioa muga izaten dela proiektu berriak martxan jartzerakoan, ez baita erraza izaten lana eta norberaren bizitza uztartzea”, gaineratu du.

Horregatik, Udaletik egoera hau aldatzeko neurriak hartu dituzte sektoreak dituen erronka espezifikoei erantzun eta tokiko nekazari-tza eta abeltzaintza ustiategien iraunkortasuna bermatzeko. Laburbilduz, sektorea eta langileak zain-tzeko helburuarekin jaio da zerbi-tzua.

Zerbitzu berriak lehen sektoreko 0,5 Nekazaritzako Lan Unitate baino gehiagoko ustiategietan (34 daude Oiartzunen) langileak aldi baterako ez egoteko irtenbide praktikoa eskainiko du. Doakoa izango da, Udalak bere gain hartuko baititu zerbitzuak sortutako gastuak.

Oporraldietarako eta ospakizunengatik egun libreak hartzeko eta bajaren bat dagoenean ustiategiak martxan jarraitzeko eskatu ahal izango dute ordezkapena. Gainera eskulan gehigarria behar dutenetan ere laguntza eskainiko du Behemendik kontratatutako langileak, kasu horretan ustiategiko titularrarekin elkarlanean aritzeko.

Ustiategi bakoitzak urtean hamar egunez izango du zerbitzua erabiltzeko aukera. Gaixotasun batek eragindako bajen kasuan kopurua luzatzeko aukera ere aztertuko dute.

Gehienez sei egunez jarraian eta egunean zortzi orduz eskainiko da zerbitzua. Zalantzaren bat edo informazio gehiago nahi izanez gero Behemendirekin jarri daiteke harremanetan (tel.: 943 490 219).

“Tokiko nekazarien presioa eta lan-karga arintzeaz gain, guztiontzat ingurune iraunkorragoa eta oparoagoa sortzen lagunduko du doako zerbitzu berriak”, aipatu du zinego-tziak. Izan ere, Lehen sektorean lanean aritzen direnek nekez izaten dute deskantsurako aukera.