Astigarraga Astigarragako Udalak Tunel Morea zabaldu du. Proiektuaren helburua Emakumeon plazatik Sagardo Plaza eta Joseba Barandiaran plazetarako pasabidea egokitzea eta atontzea izan da; izan ere azkeneko honetan kokatzen da Emakumeon Etxea.

Horretarako tunelaren hormak apaindu eta argiztapena indartu da. Horma bat kurbatu da, non inprimatutako konposizio bat duten baldosa zuriak jarri diren. Sabaian ispilua jarri da zabaltasuna emateko.

Tunel Morearen diseinuan Nagore Legarreta argazkilariak lan egin du, argazki saioak eta ondorengo konposizioa bere eskutik egin dira. Herriko emakumeekin egindako argazki saioak kultur etxe zaharreko sagastian egin ziren, gauez.

Behin argazkiak eginda, negatiboak tindatu eta kolore desberdinetako konposizioa sortu zen: indarra, ahalduntzea, askatasuna... sinbolizatuz. Ondoren, konposizio hori baldosa zurietan inprimatu zen.

Irudi hauen bidez, ikusgarritasuna eman nahi izan zaie emakumeen gorputzei, sexualizatu gabe eta gizartean dauden kanon estetikoetatik kanpo, beren indarra erakutsiz. Lan honekin, Emakumeon plazan egindako muralean erabili zen hizkuntza estetikoari jarraipena eman zaio.