Manex Urruzola Arrate tolosarra proiektu askotan murgilduta dabilen horietako da, eta, besteak beste, Galtzaundiko lehendakari izendatu zuten pasa den maiatzean.

Hamaika proiektutan murgilduta ikusi zaitugu orain arte. Hasteko, nola definituko zenuke zure burua?

–Bueno, nire buruari sarritan egin diodan galdera da hau. Begoña eta Ramontxoren semea naizela esango nuke, eta azken urteetan nire iloben osaba naizela esaten dut (azaldu du barre artean).

Ingeniaria zara ikasketaz, eta irakasle lanetan aritzen zara EHUn. Gaztetatik argi zenuen ingeniaria izan nahi zenuela?

–Egia esatekotan, ez nuen batere argi zein ikasketa burutu nahi nituen. Umetan astronauta izan nahi nuela esaten nuen, baina urteen poderioz ideia hori alde batera utzi nuen. Beti izan ditut gustuko zientziak, eta ingeniaritzak jakintza arlo ezberdin asko hartzen dituela pentsatuta aukeratu nuen ingeniari izatea. Nolabait laburbilduz, ikasketa nahiko zabalak dira ingeniari batenak, alor ezberdinetan lana egitea ahalbidetzen dutenak, eta hori zen nik bilatzen nuena. Eta, gaur egun duela zenbait urte hartutako erabakian pentsatzen jartzen naizenean, ez naiz damutzen, ikaragarri gustuko dut nire lana.

Ingeniaritza ikasita, irakaskuntzara egin zenuen salto. Nolatan?

–Egia esan, ikasketak amaitu eta gehiegi pentsatu gabe, berehala sortu zen aukera izan zen irakaskuntzarena. EHUko Donostiako ingeniari- tza unibertsitateko deia jaso nuen ordezkapen bat egiteko ikasketak amaitu berri nituenean, eta berehala baiezkoa eman nuen. Ordezkapenak egiten pare bat urte pasa eta orduan etorri zitzaidan irakasle elkartu moduan lan egiteko aukera, eta oso gustura nago, ia hamarkada osoa daramat honetan.

Ohikotik ateratzen den horietakoa da zure kasua. Zientziak eta letrak uztartzen dituzula esan daiteke. Izan ere, Elhuyarreko Komunikazio arloko koordinatzailea zara. Nola iritsi zara postu honetara?

–Bai, irakaskuntza munduaz aparte, beste hainbat esparrutan egin dut orain arteko nire ibilbide profesionala. Energia berriztagarrien multinazional batean aritu nintzen bi urtez lanean, eta lan hau amaitzean, Elhuyarren lanpostu honetan aritzeko hautagaitza prozesua zabaldu zutela ikusi nuen. Irakaskuntzan eta enpresa munduan esperientzia zuen norbait behar zutela ikustean, nire profila egokia izan zitekeela pentsatu nuen, eta nire hautagaitza aurkeztu nuen. Besterik gabe, aukeratu ninduten, eta ordutik bertan ari naiz lanean. Oso gustura nago, mota askotariko lan eta proiektuetan parte hartzea egokitzen zait, eta hori zorte handia da niretzat.

Zein da zure eginbeharra?

–17 urte daramatzat Elhuyar-en lanean, eta beraz, denetatik egitea tokatu izan zait. Komunikazio zerbi-tzuetako koordinatzailea lanetan ari- tzen naiz orain. Laburbilduz, Euskal Herriko zein Europako proiektu ezberdinetako ikerketa proiektuen zabalkuntza lana egiten dugula esango nuke. Ikerketei esker lortzen ditugunak ezagutaraztea garrantzitsua da, eta hori bilatzen dugu gehienbat. Kanal eta hizkuntza ezberdinetara helarazten ditugu gure proiektuak.

Nola bihurtzen da ingeniari bat komunikazio koordinatzaile?

–Bueno, aurretik gaztetan zientziak gustuko nituela esan dudan arren, aitortu behar dut letrak ere maiz jorratu izan ditudala, eta niretzat oso garrantzitsua da bien arteko elkarlana. Azken finean, Elhuyar-en pentsa- tzen dugu ikerketen dibulgazioa ondo egiteko elkarlanean aritu behar dugula zientzialariok eta komunikatzaileek, eta hori koordinatzen aritzen naiz ni.

Bi esparruak uztartu eta zientzien eta letren arteko elkarlana garran- tzitsua iruditzen zaizu, beraz.

–Dudarik gabe. Garrantzitsua baino, ezinbestekoa. Konbinazio aberasgarria da komunikazioaren eta zientziaren artekoa. Guk, Elhuyarren, modu naturalean urtetan zehar egin dugun lan bat izan da hau, eta orain konturatu gara jendeak balioan jartzen duela, eta beraz, garrantzitsua da, oro har, gizartearentzat. Beti errepikatzen dut ideia berdina, baina niretzat oso garrantzitsua da zientzia ere kulturaren parte dela aldarrikatzea. Azken finean, kultura transmisioa da, eta zientziak ere badu honetatik.

Elhuyarren egiten duzun lana egiteko maiz bidaiatzen duzu. Zein hizkuntzatan egiten duzu lan?

–Euskara, gaztelania eta ingelesa uztartzen ditut nire egunerokoan. Nire egunerokoaren zentroa Euskal Herriko ikerketa zentro ezberdinekin lana egitea da, honek lanaldi osoaren erdia hartzen dit, gutxi gorabehera, eta normalean euskaraz aritzen naiz hauekin, zenbaitetan gaztelaniaz ere aritu behar izaten dudan arren. Euskaraz bizi naiz, eta ahal dudan neurrian horretan aritzen saiatzen naiz, eta Elhuyarren ere gure artean euskaraz aritzen gara beti. Beste lanaldiaren erdian ordea, Europako herrialde ezberdinetako ikerketa zentroekin aritzen naiz lanean, eta ingelesez aritzen naiz horrelakoetan. Eta horretaz gain, bai, proiektu ezberdinen dibulgazioan lan egiteko bidaia- tzea egokitzen zait. Alemanian, Austrian... aritzen gara besteak beste. Egia esanda, gustura aritzen gara Elhuyarreko kideak honetan. Hanka bat etxean dugu, etxeko zientzialariekin, eta bestea Europa mailako proiektu interesgarrietan, zorte handia dugu.

Eta, hori guztia gutxi balitz, beste hainbat proiektutan ere aritzen zara. Tolofok jaialdiko antolatzaileetako bat izateaz gain, maiatzean Galtzaundi taldeko lehendakari bihurtu zinen Kike Amonarrizen lekukoa hartuta. Lan guztiak burutu ahal izateko adina ordu ba al ditu egunak? Zein helburu ditu Galtzaundik?

–Bueno, gustuko tokian aldaparik ez dagoela esan izan didate beti etxean, eta lana egin behar dugun arren, bai Tolofolken eta bai Galtzaundi lantalde sendoak ditugu eta denon arten egiten ditugu egin beharrekoak. Maiatzean Kikek bere lekukoa har- tzea proposatu zidanean, denbora gutxi nuela erantzun nion, eta berak esan zidan jende okupatua nahiago zuela postu honetarako. Beraz, esan genezake aitzakiarik gabe utzi ninduela (dio barrezka). Eta, helburuei dagokienez, betiko lanarekin jarrai- tzen dugu. Tolosaldean zein Euskal Herrian euskararen normalizazioaren aldeko lanean jarraitzen dugu, eta proiektu pila jarriko ditugu martxan datozen aste zein hilabeteetan.

Bihar ospatuko da euskararen eguna eta, azkenaldian, euskarak jaso ditu Galtzaundik erasotzat jaso dituen zenbait epai.

–Bai, bihar ospatuko dugu euskararen eguna, eta, ilusio handiz hartzen dugu eguna bai nik eta bai lan-talde osoak. Euskara maite dugu, eta eskualdean eginiko azken neurketetako datuak bikainak izan dira. Geroz eta euskara gehiago hitz egiten da kale eta etxeetan, eta hori pozgarria da. Erantzunaren ildo beretik jarraituta, ez dut ulertzen zenbait epailek euskararen normalizazioarekiko duten arazoa. Eskualdean ia %90ak ulertzen du euskaraz, eta beraz, udaletan euskaraz egitea normaltzat hartu beharko litzatekeela uste dut.

Ia 500 kide inguruk osatzen duzue Galtzaundi. Zer egin behar du kide izan nahi duenak?

–Galtzaundi.eus webgunean sartu eta taldeko kide izateko galdetegi bat betetzea besterik ez da. Hortik aurrera, gure dinamika eta proiektuetan lagundu nahi duen oro izango da ongietorria. Guztiontzat da tokia gurean, hizkuntza maitatzen bada.