Herriko kaleak girotzeko eta merkataritzan kontsumoa bultzatzeko helburuarekin, Zumarragako Udalak Gabonetako argiak jarri ditu aurten ere. Pizte ekitaldia gaur izango da: 19.00etan, Euskadi plazan.

Ekitaldi solidarioa izango da: argiak Ehlers-Danlos baskularra gaixotasun arraroa duen Erin Altzelairen aitak piztuko ditu, Endika Altzelaik, Mikel Serrano alkatearekin batera. Aitak eta alabak Behobia-Donostia lasterketan parte hartu dute aurten.

Erinen familia Muevete por los que no pueden elkarteko kidea da. Gaurko ekitaldiaren helburua herrian lan egiten duten boluntarioei babesa erakustea eta beraien lana ikusaraztea da.

Argiak piztu aurretik, 18.30ean, txokolate-jana egingo dute udaletxeko arkupean eta Gabonetako photocall bat ere egongo da. Argiak piztu ondoren, trikitilariek herriko kaleetan joko dute.