Azken aste honetan iragarri dutenez, Tolosaldeko Turismo Bulegoak Queer Destinations Committed bereizgarria lortu du “aniztasunarekiko errespetuaren balioa” sustatzeko egiten duen lanaren ondorioz. Tolosaldea Helmugaren Garapen Turistiko Iraunkorra sustatzeaz arduratzen den Tolosaldea Garatzeneko Turismo sailak azaldu duenez, turistek Tolosara egiten duten bisitariekiko harrera hobetzeko asmoz, ez zuen zalantzarik izan Queer Destinations Committed bereizgarriaren prestakuntzan parte hartzeko. Turismo bulegoko ordezkariek baieztatu dute bereizgarria jasotzea “oso berezia” izan dela eta aitortza hau jasotzeak “esperientzia inklusibo, seguru eta ezin hobea” baieztatzen duela.

Euskadiko Kode Etikoan ere parte hartzen du Turismo Bulegoak. Horrela, Tolosaldeko sektore turistikoko enpresa ezberdinek kode horretara atxiki eta oinarri dituen balioekin lan egin dezaten sustatzea da helburua. “Kode horren lehenengo bi printzipioak aniztasunari eta inklusioari buruzkoak dira, eta uste dugu gure lana gidatu behar duten balioak direla”, azaldu dute Turismo saileko kideek. Kode honen erabilerarekin, Tolosa eta eskualde osoa helmuga inklusiboa izatea da helburua. “Prozesu honek LGTBQ+ komunitatearen beharrizanei buruz hausnartzeko eta horretan sakontzeko aukera eman digu, komunitatearen barruko errealitateekin ikasteko eta enpatia izateko diseinatutako prestakuntzari esker, LGBTQ+ komunitateari, kontsumo-ohiturei eta horiek behar bezala artatzeko moduari buruz ikasiz. Garrantzitsua da kolektibo horretako pertsonak nola tratatu jakitea, diskriminaziorik gabeko protokoloak sortuz eta hauek betearaziz taldea prestatuz eta sentsibilizatuz” adierazi dute.