Hernaniko Udalak pasa den astean Herriari begirako Euskara Plana 2023-2027 aurkeztu zuen jendaurrean. Dokumentuaren helburua euskararen normalizazioan eragiten jarraitzea da, “bizitza publikoan euskaraz funtzionatuko duen eta herritarrak euskaraz eroso bizi ahalko diren Hernani eraiki eta garatzeko”, ebatzi zuen Axier Mingok, Euskara zinegotziak.

“Plan honek neurri zehatzak har-tzera behartuko gaitu, ez da teorian soilik geldituko”, gaineratu zuen zinegotziak.

Horietako neurri bat sortuko den Euskara Kontseilua da. Kontseilua proposamenak egiteko eta aholkularitzarako gune izango da. “Euskara Kontseiluak Hernanin euskararen normalizazioan eragiten jarrai-tzeko ekintzak eta ideiak gauzatzen ahalbidetuko duelakoan gaude”, esan zuen Mingok. “Saiakera handia egingo da eta badakigu eragileentzako ere halakoa izango dela, baina komentzituta gaude euskarak merezi duela”, animatu zuen.

Euskara Kontseilua “tresna” bat izango da, “Udalaren eta herriko eragileen elkargune izango den organoa, elkarren berri izan eta euskararen normalizazioan norabide berean aritzeko”, amaitu zuen.

Plan honen erronka nagusiak “euskara gizarte bizitzan unibertsalizatu eta komunikazio hizkuntza bihurtzea” dira. Horregatik, aisialdia, transmisioa eta gizartearen euskalduntzea izango dira datozen lau urteetarako lan-ildo nagusiak.

Gogorazi zutenez, 2021ean, Udaleko Euskara Zerbitzuak gogoeta prozesua hasi zuen. Abiapuntu hartatik osatu da 2023-2027 Euskara Plana, herriko eragileekin elkarlanean.

Diagnostikoa egin ondoren, Udaleko Euskara Zerbitzuak prozesuan parte hartu zuten eragileekin adostu zuen non jarriko ziren datozen urteetan fokoa eta indargunea. Esan bezala, aisialdia, familia eta etxeko transmisioa eta gizartearen euskalduntzea izango dira lan-ildo nagusiak. Zeharka landu beharreko bi eremu ere adostu eta zehaztu ziren 2023-2027 Euskara Planean: migrazioa eta bilakaera demografiko eta urbanistikoa.

Plan honek Euskara Zerbitzuak herrira begirako gauzatzen dituen jarduera eta egitasmoak jaso ditu soilik. Plana “egingarria” izan dadin, hurrengo urteetarako “pausoak eta agenteekin adostu diren zein gai eta egitasmori helduko” zaion zehaztu da.

Amaitzeko, Udalak eskerrak eman nahi dizkie Herriari begirako Euskara Plana 2023-2027 osatzen parte hartu duten eragile guztiei, aurkezpenera hurbildu zirenei eta aurrerantzean ere euskararen normalizazioan Udalaren bidelagun izango direnei.