Zumarragako Udalak eta Gizatzen enpresak etxez etxeko laguntza zerbitzuaren kontratua etetea erabaki dute eta Udalak kontratazio espediente berria onartu du. Langileek Gizatzen enpresarekin arazo larriak izan dituzte. Plegu berrietan jasotakoaren arabera, langileek baldintza hobeak izango dituzte. Kontratuaren etetea eta kontratazio espediente berria astearteko osoko bilkuran onartu ziren. Alderdi guztiek alde bozkatu zuten.

Zumarragako Udalak Gizatzen enpresari esleitu zion zerbitzua. Enpresa hau 2020ko azaroan hasi zen lanean eta langileekin hainbat arazo izan ditu. Arantxa Gonzalez Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak “urte zailak” izan direla esan zuen. Osoko bilkuran etxez etxeko lagun-tza zerbitzuko hiru langilek parte hartu zuten eta Gonzalezek beraien lana goraipatu zuen. “Langileek neke handia pilatu dute, baina horrek ez du zerbitzuan eraginik izan, langileen kalitate profesional eta gizatiarrari esker. Mari Carmen Etxaniz ordezkari sindikala aipatu nahi dut, bereziki. Desadostasunak izan genituen, baina beti helburu bera izan dugu. Bilera asko egin ditugu, guztiak errespetuz. Lan horri guztiari esker, hitzarmen kolektiboa lortu duzue. Bertan zuen erreibindikazio guztiak jaso dira”.

EH Bilduko Ainhoa Osinaldek ere langileen lan ona goraipatu zuen. “Hiru urte gatazkatsu izan dira, baina langileek zerbitzu ona eskani dute. Enpresaren jarrera ez da onargarria izan eta mobilizazioak egin dira. Borrokak emaitzak eman ditu. Baldintzak hobetzea lortu dute. Sektore honetan ez dago lurraldeko hitzarmenik eta tokian tokikoa borrokatu behar da. Prekarietatearen beste ondorio bat da. Plegu berriak babestuko ditugu, batez ere langileen baldintzak hobetzen dituztelako. Bide batez, esan hilaren 30eko greba feministarekin bat egiten dugula”.

Etxanizek langileen izenean hitz egin zuen. “Gizatzen enpresarekin borrokan jarraitzen dugu, baina eskerrak eman nahi dizkiet udalbatzari eta bereziki Arantxari. Izan ere, nire haserreak jasan behar izan ditu, baina nire dei guztiei erantzun die. Oso pozik gaude hitzarmen berriarekin. Amesgaizto hau lehenbailehen amaitzea espero dugu. Oso gogorra izaten ari da. 20 urte lanean zeramatzan langile batek lana utzi du. Hiru urtetan enpresak arduradun ezberdinak jarri dizkigu eta azkenean bakarrik utzi gaituzte. Gu ari gara arduratzen zerbi-tzuaz, erabat”.