Hernaniko Haur Hezkuntzako (HH) eta Lehen Hezkuntzako (LH) ikastetxeetako jangeletan oihalezko zapi berrerabilgarriak erabiltzeko proiektu pilotua abian da, Udalak proposatu ondoren. Helburu nagusia paperezko ahozapien erabilera murriztea da, ingurumena ez kaltetzeko.

Hilabete honetan hasi dira herriko ikastetxe guztietako HH2, HH3 eta HH5 mailetako haurrak, eta ikastetxe batean LH zikloan ere bai, jangelan paperezko ahozapien ordez Udalak erositako oihalezko ahozapi berrerabilgarriak erabiltzen. Guztira, herriko oihal denda batean 213 ikaslerentzako kotoizko ahozapiak erosi eta banatu dira.

Udalaren datuen arabera, Hernaniko ikastetxeetako jangelak soilik kontuan hartuta, urtean 219.275 paperezko ahozapi (1.100 kilo paper) kontsumitu eta botatzen dira hondakinetara. Gainera, kontutan hartu behar da paperezko ahozapiak fabrikatzeko urtean 54 zuhaitz moztu eta egunean 1.407 litro ur gastatu eta kutsatu behar direla. “Garrantzitsua da ikastetxeko jangelan ere ohitura jasangarriak eskuratzea ingurumena zaintzeko”, esan dute.

Ikastetxeetako jangeletan abiatutako proiektu pilotu honekin hondakinen prebentzioan eta Zero Zabor kudeaketan pauso bat aurrera emango du Hernaniko Udalak, hezkuntzako eragileen laguntzarekin. Izan ere, ikasleen ohituretan eragiteaz gain, familien ohituretan ere eragin nahi da. Horretarako, Udalak proiektu honen garrantzia gurasoei azaltzeko eta ahozapi berrerabilgarrien ohitura etxeetara zabaltzeko esku-orria ere prestatu du.

Hondakinen prebentzioan eragiteaz aparte, azken helburu bat ikasleek modu jasangarrian kontsumi-tzen ikastea da, berrerabiltzeko ohitura har dezaten, “erabili eta bota ohiturari planto eginez”, azaldu dute Udaletik.