Azken urteetan Tolosako Udalak egin ohi duen moduan, aurten ere Mugi egitasmoko argazkiekin osatutako egutegiak banatuko dira Tolosako Zerkausian datozen asteetan. Izan ere, Udaletik jakinarazi dutenez, atzo bertan hasi ziren egutegien banaketekin, eta gaur, bihar, eta datorren asteko 29an, asteazkena, eta abenduaren 1ean, ostirala, banatuko dituzte egutegiak goizeko 10.00etan hasi eta 12.30ak bitartean.
Mugi egitasmoko antolatzaileek azaldu dutenez, zazpigarren urtea da Tolosako Udalak Mugi egitasmoko irteeren argazkiekin osatutako egutegia banatzen duela. “Gizarte ekimen kolaboratibo hau gizarteratzea da proiektu honen helburu nagusia, bertan parte hartzen dutenen poza ikustaraziz, belaunaldien arteko harremanen garrantzia nabarmenduz eta jarduera fisiko ezberdinen arteko harremanak sendotzeko duen ahalmena balioan jarriz”, azaldu dute egitasmoko ordezkariek. Gainera, gero eta adineko gehiago dago bakarrik bizi dena, eta jarduera fisikorik egiten ez duena. Mugi egitasmoaren bidez, egoera baztertzaile honi buelta ematea da helburua. Datozen egunetan beraz, 2024ko egutegia banatzen ariko dira Zerkausian egitasmoko antolakuntza taldeko zein Udaleko kideak.